Maskulinotasuna ardatz SARE 2007 Nazioarteko Biltzarrean
Emakundek urtero bezala, SARE Nazioarteko Biltzarra antolatu du. Datorren azaroaren 5ean eta 6an egingo da Donostiako Kursaal jauregian «Maskulinitatea eta eguneroko» bizitza leloarekin. Helburua, berdintasunaren bidean gizonen parte-hartzea bultzatzea da.
GARA |
Azaroaren 5ean eta 6an egingo da SARE Nazioarteko Biltzarra, urtero Emakundek antolatu ohi duen topaketa. Aurtengoan «maskulinitatea eta eguneroko bizitza» ardatz hartuko dute Donostiara bertaratzen diren adituek. «Maskulinitatearen eraikuntza, gizonen eginkizuna zaintza arloan, gizonek dituzten arrisku jarrerak eta ereduak, edo diruaren kudeaketa bikotean izango dira egun hauetan eztabaidatuko diren gaietako batzuk», horrela azaldu zuen Emakundeko zuzendariak, Izaskun Moyuak. Bere esanetan, biltzarrak «genero berdintasunarekin erlazioa duten gai berrien gogoetarako, berrikuntzarako eta hartu-emanerako foro izan nahi du, bai eta sare berriak sortzeko aukera ere».
Kongresu hau, gizonek berdintasunaren aldeko lanean parte har dezatela bultzatzeko Emakunde egiten ari den ekintzetako bat zela esan zuen Moyuak. Berdintsu mintzatu zen Gizonduz ekimenaren inguruan, 2009 bitartean abian izango den egitasmoa da hau. «Bere helburua gizonek berdintasunaren alde parte-har dezaten kontzientzia hartzea, sentsibilizatzea eta bultzatzea da».
Bi hitzaldi eta lau panel
Donostiako Kursaal jauregian egingo den biltzarra azaroaren 5ean abiatuko da, bertan, Bartzekolako Unibertsitateko Mª Jesus Izquierdo Benito arituko da hizlari. Irakasleak «Gizon izateak duen kostua: maskulinotasunaren arriskuak» izeneko txosten markoa azalduko du. On- doren, «Maskulinotasuna eta genero Harremanak eraikitzea» txostenaren berri emango du Luis Bonino Mendez Maskulinotasunaren Ikasketa Zentroaren zuzendariak.
Bi hitzaldi nagusiez gain, hainbat gai jorratuko dituzten lau panelek osatuko dute nazioarteko biltzarra.
Biltzarra azaroaren 5ean eta 6an egingo da Donostiako Kursaal jauregian. Bertan genero eta berdintasun gaietan aditu diren hainbat pertsonak parte hartuko dute.