GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gazteria eta droga» gaia lantzeko jardunaldiak eginen dira bihar Etxarri-Aranatzen

Jasone MITXELTORENA |

«Gazteria eta droga» jardunaldiak egingo dituzte bihar Etxarri Aranazko Kultur etxean.Joan den ostiralean Iruñean egindako agerraldian, Euskal Herriko Gazte Kontseiluko Ander Suberbiolak, Hegoak elkarteko Maite Zigandak, eta Askagintzako Oihana Lopez eta Mikel Ozaitak azaldu zutenez, gizartean zabalduta dagoen gaia den arren, «gehienetan era desgokian planteatzen da, gazteriaren arazoa baino, gazteok arazoa bagina bezala lantzen baita drogen afera». Horrek «gazteriaren ahotsa ez entzuteko joera elikatzen» duela, eta irtenbide eraginkorrei aukerak itxi» egiten dizkiola gaineratu zuten.

Erakundeek gazteentzat abian jartzen dituzten planak egiterako orduan, gazteak ez direla kontuan hartzen ohartarazi zuten, eta beren ustez, hala, zaila izango da arazoari eskatzen duen hausnarketa ematea.

Gazte Kontseiluak «bertzelako filosofia» aldarrikatzen du, eta «gaztearen parte-hartzea oinarri duen eginmoldea» bilatu. Ildo horri jarraiki abiatu zuten 2005ean amaitu zen diagnostikoa.

Euskal Herri osoan egindako galdeketaren bidez, «gazteria guztiaren ahotsa biltzeko saiakera» izan zen diagnostiko hori, eta handik ateratako ondorioak eman zituzten ezagutzera. Besteak beste, «drogen hedapen zabala» nabarmendu zuten, eta «debeku politikek kontsumoaren areagotzea dakartela» ondorioztatu. Horretaz gain, hainbat fenomeno «kontsumo desegokiak, mafia eta ustelkeriak, eta ezberdinak diren sektoreen baztertzeak» gorantz egin dutela deritzote. Kontuan hartzekoak diren bertze faktore batzuk «gaztearen egoera ezengokorra eta prekarioa» eta «zabaldutako informazioaren partzialtasuna» direla jakinarazi zuten. Azken honi dagokionez, iragan astean egindako agerraldian «drogen inguruan sortutako pertzepzio okerrak eta hezkuntzan ematen den gabezia» salatu zituzten.

Bitarteko berrien premia

Diagnostikoa egin eta urtebetera Andoainen egindako Gazteriaren II. Biltzarrean Ekintza Plana eratu zen, eta han erabaki zen gaiari lehentasuna ematea.

Gaia lantzeko modu «alarmistaren» eta «isolatuaren» ordez, «integraltasunean, Euskal Herriak, pertsonak eta sustantziak osatzen duten hirukoa» kontuan hartuz, «bitar- teko berriak sortu eta alternatibak eraikitzeko premia dagoelako» antolatu dituzte jardunaldiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo