GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzitegi Nazionalak gaur Deustuan egitekoa den oroitze ekitaldi bati ere debekua ezarri dio orain

GARA |

Errepresioak hildako euskal herritarrak oroitzeko ekitaldia gaur arratsaldean egitekoa da Bilboko Deustua auzoan, baina Ertzaintzak Hernanin larunbatean egitekoa den ekitaldiarekin egin bezala, Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak debekua ezarri du Bizkaiko ekitaldia. Bi kasuotan aitzakia bera erabili du bai Ertzaintzak bai Madrilek: ekitaldia eginez gero «terrorismoaren goratzea» gerta daitekeela.

Fiskaltza espainolaren eskariz, Ismael Moreno epaileak galarazi egin du gaur, ostirala, 20.30ean Deustuan egitekoa den oroitze ekitaldia. Erabaki honekin batera, ekitaldia egin ez dadin Ertzaintzari eta gainerako polizia espainolei «beharrezkoak diren neurriak» hartzeko agindua ere eman die. Ekitaldirako deia egiten zuen kartela hartu dute debekurako oinarri; bertan hiru euskal herritar oroituko direla jartzen omen zuen: 1972an Guardia Zibilak hildako Juan Antonio Aranguren, 1984an zendutako Jose Mari Prieto eta 1990ean hildako Jose Mari Orbezua. Azken bi horiek soinean zituzten lehergaiek eztanda egitearen ondorioz galdu zuten bizitza. Halere, San Felicisimo plazatik abiatuta, 21.30ean, debekua salatzeko protestaldia egingo da.

Bihar, larunbata, Hernanin egitekoa den ekitaldiari Lakuak ezarri dion debekuaren harira, haserre azaldu da udalerriko Amnistiaren Aldeko Mugimendua. «Debeku honen atzean EAJ eta bere interesak kokatzen ditugu. Urtero egin den omenaldia debekatu, Auzitegi Nazionalera espedientea bidali, komu- nikabideetara filtratu eta Madrilen aurrean etxeko lan zikinak egiteko prest daudela erakutsi dute», salatu dute.

Duela urte asko inolako arazorik gabe urtero urtero ospatu da ekitaldi hau, baina aurtengoan Lakuako Barne Sailak debekatzea erabaki du.

Errokonozimendurik ez

«Ez dugu ontzat ematen Jaurlaritzak Hernaniko Udaletxea kriminalizatzeko egindako saiakera», gaineratu du.

Izan ere, aurreko legegintzaldietan ezker abertzalea izan ezik, gainerako alderdiak udalean egon direnean inolako arazorik gabe egin baita. AAMk esan duen bezala, hogei urte baino gehiago daramatzate «errepresioak hildako 21 pertsona hauen senideak herritarren babesa jasotzen». Are gehiago, «biolentzia batek eragindako hildakook ez dute inoiz errekonozimendurik izan», nahiz eta Estatu terrorismoak hildakoak izan, hala nola GALek edo BVEek bere gain hartuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo