GARA > Idatzia > Euskal Herria

Barrena: «PNV y PSOE quieren cerrar la vía a la independencia»

Ezker abertzaleak aurreikusten zituen arrisku guztiak mahai gainean daudela esan zuen atzo Tolosan Pernando Barrenak. Esparru hau baztertu ondoren, EAJk eta PSOEk itun berri bat egiteko apustua egin dutela ziurtatu zuen, eta bide horretan Juan Jose Ibarretxek «ezker abertzaleak defendatu dituen posizio politikoen jabe egin nahi du», esan zuen. «Ezinbestean, etsaiak hala erabaki duelako borroka gogor baten erdian gaude», ondorioztatu du Barrenak.

p014_f01.jpg

GARA |

Egungo egoera politikoaz duen kezka zabala agerian utzi zuen Pernando Barrena mahaikideak atzo gauean Tolosan emandako hitzaldian. Asteak daramatza ezker abertzaleak balizko «iruzur» az ohartarazten, eta azken mugimenduak ikusita Barrenak ziurtatu zuen: «Arreikusten zen egoeraren osagai nagusiak mahai gainean ditugu jada». Horien artean dira, besteak beste, ezker abertzaleko ordezkarien espetxeratzea edota Juan Jose Ibarretxeren asmoen azalpena.

Ezker abertzaleari egindako erasoari erreparatu zion berriro mahaikide nafarrak. Seguran izandako sarekadari negoziazio prozesuaren hausturaren jarraipen iritzi zion. Bere hitzetan, «ezker abertzaleak herri honen eskubideak marra gorritzat jo dituenean, eta hori proposamen politiko-juridiko konkretuan zehaztu duelarik, ezker abertzaleari ostikoa eman diote. Alegia, ezker abertzalearekin negoziazio prozesua usteltzen saiatu dira. Ezker abertzalearekin negoziazioak amaitutzat eman dituzte», ekarri zuen gogora hitzaldian.

Esparru politiko hau negoziazioetatik at uzteko asmoa aurrera eraman dutela esan ondoren, orain «txikitu, desagerrarazi, indargabetu nahi dute», erantsi zuen Pernando Barrenak. Gogo hori hainbat ataletan antzeman daitekeela ere aipatu zuen: «Zentsura mediatikoa, instituzioetatik kanpo kokatu, mobilizazioak galarazi...». EAJk eta PSOEk horretarako interes berbera dutela nabarmendu zuen.

«Pozoidun gozokiak»

Hori zehaztu ondoren, EAJ zein PSOEren jokabidea aztertzeari ekin zion Barrenak. Oraindik Josu Jon Imaz buru duen alderdiari buruz, negoziazio prozesuan «lotsagabeki alderdien interes hutsak» defendatzen aritu izana egotzi zion.

Bere ustez, alderdi jeltzalea «negoziazio prozesuan bere momentuaren zain egon da. Eta iritsi zaio ekimena bere esku hartzeko momentua; horixe egin du Ibarretxek, horixe egin du PNVk». Hemendik aurrera zera aurreikusten du ezker abertzaleak: «Ibarretxek ezker abertzaleak orain arte defendatu dituen posizio politikoen jabe egin na- hiko du. Bera aurkeztuko da posizio horien ordezkari, herri ordezkari», azaldu zuen. Berak eta Nafarroa Baik, beraz, «pozoidun gozokiak» eskaintzen dituztela esan zuen.

Estrategia honen bitartez, EAJ alderdiak «hauteskundeetan zakua bozez bete» nahi duela aipatu zuen Barrenak. Baina, haratago ere badoala esan zuen, «indarberritze» hori Estatuarekin negoziatzeko erabiliko dutela ikusten baitu. Ondorioa hauxe, beti ere Pernando Barrena- ren hitzetan: «Paktu berri bat. Euskal Herriaren independentziari ateak ixtearen truke PNVk boterearen kudeaketa jarraitzea eskuratzen du. Ez besterik».

EAJrekin lerrotuta, NaBai ere jokaldi berberean sartuta dagoela ziurtatu zuen Barrenak. Koalizioak, jeltzaleen «telonero» lana egiten duela esan zien Barrenak Tolosan bildutako entzuleei. Adibidetzat jarri zuen Nafarroako Gobernura iristeko negoziazio prozesua, azkenean hutsean gelditu izana: «PSNrekin paktua edonolanola bilatu zuen NaBaik, aulki batzuen truk, Nafarroaren aldaketa gogoa azkenik Espainiaren batasuna bermatzera bideratuz», salatu zuen.

PSOEren sinesgarritasun eza

PSOEri dagokionez, beste ezer baino lehenago «Estatuak bizi duen krisi politikoari aterabidea emateko» beharra duela mahaigainean jarri zuen mahaikideak, eta krisi horren neurria PPk eta PSOEk izan duten konfrontazio mailak argi islatzen duela adierazi zuen.

Negoziazio prozesua bukatu ondoren PSOEk «sinesgarritasun krisi nabarmen batekin atera dela» erantsi zuen gainera Barrenak. Eta ahultasun honi egotzi zion mahaikideen aurka egiteko erabakia: «PSOEk jakin badaki Euskal Herrian herri eskubideen aldeko aldarrikapena gero eta handiagoa dela. Geldiezin egiteko arriskua dagoela. Horregatik kolpatu behar du herri eskubideen aldeko borrokan eragile nagusia den ezker abertzalearen aurka».

«Gerra estrategia» horri eutsiko diola hurrengo hilabeteetan ziur ikusten du Pernando Barrenak, eta horretaz ohartarazi zuen. Baina, era barean, ezin duela errepresioa bakarrik eskaini ondorioztatu zuen, eta horregatik EAJrekin eta NaBairekin ituna ixteari ekingo diola aurreikusi zuen.

Ondorio kezkagarria atera zuen Pernando Barrenak hausnarketa luze honetatik: «Ezinbestean, etsaiak hala erabaki duelako, borroka gogor baten erdian gaude. Gupidarik gabe eraso gaituzte. Ezker abertzaleak, bere eskaintza politikoaren norabidean ekinbide politikoak mahai gaineratuz eta bere militantziari borrokarako deialdia luzatuz erantzun behar du. Borrokarako deia zabaltzeko unea dugu».

ITUNAREN ZIOA

PSOEk ezin duela errepresioa bakarrik eskaini nabarmendu zuen Barrenak, eta ondorioz, EAJrekin ituna egingo duela argi du, «independentziari atea itxiko diona eta Konstituzioaren topearekin bateragarria izango dena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo