GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Mrs. Lessing

Aurtengo Literatura Nobel saria Doris Lessing idazle britaniarrak irabazi du. Txantxetan, dagoeneko oso zaharra delako erabakiko zutela arduradunek saria berari ematea esan du. Laurogeita zortzi urte dauzka, eta aspaldi hasitako ibilbide sendoa ere literatura munduan.

Pozten naiz, bi arrazoirengatik. Alde batetik, pozgarria iruditzen zaidalako emakumeen lanak ere aintzatespen publikoa jasotzea. Oso ohituta gaude gizonezkoak ikusten sari hau edo bestea jasotzen, egindako lana edo ibilbidea baloratzen, haien hitzak eta hasunarketak irakurtzen. Zer esanik ez internazionalki hain ezagunak eta garrantzitsuak diren Nobel sariez ari garenean, non 1901etik hamaika emakumek soilik jaso duten. Hamaika! Literalki, ahaztu euskal esamoldea.

Emakumeak jendartean eduki dezakeen prestigioa oraindik urrun dago gizonekin baldintza berdintasunean lortzetik. Arlo gutxitara mugatzen gaituzte eta gainera, gehiago edo gutxiago, edertasunarekin edo irudiarekin lotura handia izaten duten diziplinak izan ohi dira, aktoreak edo modeloak, esate baterako.

Adimenaren munduan, ordea, gizonek jarraitzen dute jaun eta jabe. Emakume batek jendartean ezagutzera emateko egin behar duen lanak eta esfortzuak gizonezkoari onartzen zaionak baino handiagoa eta «bereziagoa» izan behar du. Hedabideek, oraindik ere, arreta gehiago jartzen diete gizonek lortutako postuei, emaitzei eta karrerei; ez diete tratu bera ematen bi generoei, eta honek ondorio ukaezina dakar: emakumeok edozein arlotan arrakasta lortzeko daukagun ahalmena eta balioa «inbisibilizatzen» jarraitzen da, datozen belaunaldiei sona eta errekonozimendua gizonek bakarrik dutela eskura erakutsiz. Estruktura patriarkala elikatzen jarraitzea besterik ez dugu lortzen, eta dituen ondorio guztiak ezabatu edo eraldatzea erabat zaila izatea.

Hau guztia dela eta, arestian esan bezala, emakume bat egoteak Nobel saridunen artean, biziki poztu nau. Bigarren arrazoiak Doris Lessing berarekin zerikusi zuzena du. Nobel sariari esker halako emakume bat hobeto ezagutzeko aukera edukiko baitu jendeak, munduak. Askea, ausarta eta zapalduekin konprometitua. Historian zehar emakumeoi hainbeste aldiz ukatua izan zaigun hitza bere liburuetan eta idazlanetan utziko diguna. Izan ere, bera da emakumearen askapenerako borrokan aspalditik erreferentzia den «El cuaderno dorado» (1962) liburuaren egilea, nahiz eta honek ez dion eragozten orduko eta egungo feminismoari buruzko iritzi pertsonalak zorroztasun osoz adieraztea. Esandakoa, askea eta ausarta.

Nobel sarien inguruan norberak bere iritzia edukiko du eta ni Literatura saria emakume honek jasotzeaz pozten naiz. Hala ere, esan beharra dago Bakearen Nobela zeintzuek jaso duten ikusita eta arduradunek emandako arrazoiak irakurrita, barre zuria egitea besterik ez zaigula geratzen. Delitua baita meatze kutsatzaileen jabe den eta hogei familiak batera baino elektrizitate gehiago gastatzen duen tipo bati halako saria ematea klima-aldaketaren arazoa munduan zehar gehiago ezagutarazteagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo