GARA > Idatzia > Pilota

Sorhuet-Ozafrainek erraz lortu dute txapela

SORHUET-OZAFRAIN 40 IDIART-EZKURRA II 7

Jon LEUNDA | BAIGORRI

Sorhuetek eta Ozafrainek inongo arazorik gabe irabazi zuten atzo Baigorrin Herriarena Torneoa, zazpi kintzetan utzi baitzituzten.

Sorhuet eta Ozafran ongi hasi ziren, lau kintzetako aldea lortu baitzuten partida hasi bezain azkar, baina Idiartek eta Ezkurrak ongi erreakzionatu zuten, eta norgehiagoka berdintzea lortu zuten, markagailuan 4-4 jarrita.

Bazirudien finala luzea eta ederra izan zitekeela, baina ez zen horrelakorik gertatu. Sorhuet sakearekin asmatzen hasi zen, eta atzean, berriz, Patrick Ozafrain erabat nagusitzen ari zen, eta kintzeak bata bestearen atzetik egiten hasi ziren, aurkarien etsipenerako, eta 26-0ko partzial bat lortu zuten, 30-4ko markagailua jarriz.

Idiartek eta Ezkurrak lortu zuten emaitza hori apurtzea, baina ordurako partida erabakita zegoen, eta amaiera arte itxarotea besterik ez zen geratzen; galtzaileek zenbat kintze egin zitzaketen jakitea falta zen. Idiartek eta Ezkurrak beste hiru tanto bakarrik egin zituzten, eta zazpi kintzetan geratu ziren.

Boteak

Sorhuetek eta Ezkurrak atzo dena ongi egin zuten. Pausuako aurrelariak, gainera botearekin dena asmatu zuen, hamazazpi kintze egin zituen hasierako jokaldiari esker, ia erdiak; horrelakoetan zaila izaten da galtzea, eta atzo erraz lortu zuten garaipena.

Patrick Ozafrainek ere partida ederra egin zuen. Atzean erabat menderatu zuen Ezkurra, eta oso ongi lagundu zion bere aurrelariari. Bankakoa oso seguru aritu zen, eta ez zuen pilota bakar bat ere galdu.

Bestelako itxura eman zuten Idiartek eta Ezkurrak. Lekornekoak ez zuen asmatu, salduta egon zen, eta aukera izan zuenean ere ez zuen asmatu. Azkenaldian partida asko izan ditu, eta horren nekea nabaritu zitzaion.

Paxkal Ezkurrak ere ez zuen bere egunik onena izan; ez da duela hilabete batzuetakoa, eta atzo Ozafrainen menpe egon zen. Azkenaldian bi kolpe handi jaso ditu, orain dela gutxi ere zazpian geratu baitzen Waltariren aurka, baina berak duen maila ikusita, apurka-apurka gorantz egingo du, eta Superprestigiorako mailarik onenean izango da.

SORHUET-OZAFRAIN

40

IDIART-EZKURRA II

7

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo