alpinismoa Bi euskal herritar «Britainiar» bidean
Shisha Pangma bigarren ahaleginean bai
Hilaren 8an, Koke Lasak eta Alex Txikonek Shisha Pangmako «britainiar» bidea igo zuten. Eguraldi kaskarra medio, zazpi egun egin zituzten paretan itsatsita. Bi euskal herritar hauek zortzimilako hau igotzeko egin duten bigarren saioa izan da.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Bai Koke Lasak bai Alex Txikonek bigarren aldia zuten Shisha Pangmaren (8.027 m) britainiar bidean. Biek ala biek, nahiz eta espedizio ezberdinetan jardun ziren, iaz kanpamentu nagusi berean egin zuten topo, zortzimilakoaren hego-mendebaldekoan. Helburu bera zuten: britainiar bidea. Eta biak ala biak itzuli ziren etxera gailurra eskuratu gabe; gutxi gorabehera, 7.500 metrora iritsi ziren.
Aurten bigarren aldia zuten Shisha Pangma mendian, eta berriro ere bide beretik saiatu nahi zuten. Mendia eta bidea ezagunak zituzten, eta soilik eguraldiaren laguntza behar zuten. Lasa zuzenean joan zen mendira; Txikon, berriz, beste lau kiderekin batera Nepalera autoz joan zen. 25 eguneko bidaia izan zen, oso aberasgarria, lemoarrak adierazi digun legez: «Oso esperientzia polita izan zen. Nahiz eta arazotxoren bat edo beste izan, den-dena primeran joan zen. Nepalera, eta hain zuzen ere zortzimilako batera, hurbiltzeko oso era berezia izan da».
Txikonek, berez, Xabier Alzolarekin elkartu behar zuen Shisha Pangman, baina, aurreko zenbaki batean aurreratu genuenez, Alzolak etxera itzuli behar izan zuen izozte batzuk medio. Aurten ere ez dute batere zorterik izan eguraldi kondizioekin. Elur asko egin die eta, horren ondorioz, girora egokitzeko apenas izan duten aukerarik. Hori guztia gutxi izango balitz, eguraldiak soilik saio bat egiteko aukera eman zien. Bizkaitarrak aipatu duenez, ia ezer egin gabe etxera itzultzeko arrisku handia ikusi zuten: «Elur asko bota zuen, eta kanpaleku nagusian denbora asko egin genuen. Saio bakarra egiteko prest ginen, eta azkenean baita atera ere».
Britainiar bidea hego mendebaldean dauden guztietatik gehien igotzen dena da. Aurpegi horretako klasikoena bihurtu da, era alpinoan eta azkar igotzeko oso aproposa. Hala ere, bi mendizale hauek, eguraldia tarteko, denbora askotxo pasa zuten. Beheko kanpalekutik (5.200 m) irten eta 10 egun behar izan zituzten tontorra egiteko, eta horietatik zazpi paretan igaro zituzten: «Oso gogorra izan zen. Egun oso bat Scott bibakean (6.100 m) egin genuen. Beste bat 6.600 metrora, bigarren dorrean zegoen kanpamenduan, eta hurrengoan ere oso txarra atera zen: haizea eta elurra. Ahal genuen bezala eusten joan ginen. Laugarren egunean beste hainbeste. Bosgarren egunean ere haize bolada indartsuak pairatu genituen. Azkenean, 7.300 metrora iritsi eta gure azken bibaka antolatu genuen. Hotz handia egiten zuen eta biharamunean, 05.00etan, gailurrera abiatu ginen. Bi txekiar atera ziren gurekin batera eta horietako batek 200 metro gorago buelta eman zuen. Guk jarraitu genuen. Aurrean jarri nintzen, igoeraren erantzukizuna hartzen, arrastoa zabaltzen. Gogorra izan zen, baina, era berean, oso polita. Gainera, erritmo ona neraman, azken 500 metroetan, bataz bestekoari begiratzen badiogu, orduko 150 metroko desnibela egin nuen».
Urriaren zortzigarrena zen eta, Nepalgo 14.00ak zirela, Txikonek gailurra jo zuen; ordubete geroago lortu zuen helburua ormaiztegiarrak. Lasak bere kideak egindako lana eskertu nahi izan zuen: «Egun asko neraman behekoarekin eta ez nengoen batere ondo. Alexek lan handia egin zuen, ia-ia dena egiten zuen: sukaldatu, arrastoa zabaldu...».
Berez, bizpahiru eguneko igoera aurreikusi zuten, baina, esan dugun bezala, gehiegi luzatu zen. Eguraldiak ez zuen lagundu eta hori giltzarria izan zen igoera azkar bat ez egin ahal izateko. Jaitsiera, berriz, bide beretik egin zuten: «Gailurreko ordua ona zen, eta lasai jaitsi ginen. Korridoretik abiatu behar genuen, etzanagoa baita (40º-45º), baina han dentik erortzen zen. Eskuin-ezker ibili ginen, eta azkenean 22.00etan iritsi nintzen azken bibakera, eta Koke ordubete geroago».
Nahiz eta bide zuzena eta era alpetarrean egiteko oso egokia den, bikoteak korear talde batek jarritako soka finkoak erabili zituen. Lemoarrarentzat pena handia izan zen: «Ni oso indartsu nengoen, baina jarritako soka finkoei ezin izan nien muzin egin. 6.200 metrotik 7.000 metrora arte jarrita zeuden. Jaisteko asko laguntzen dute; bestela, denbora guztia rapelak atontzen pasa behar duzu eta leher eginda iristen zara. Ni jumar gabe joan nintzen. Hori bai, azken eguna, gailurrekoa, modu alpetarrean egin genuen».
Shisha Pangmari egindako bigarren bisitan, beraz, Lasa eta Txikon sariarekin itzuli dira etxera. Lemoarrak, dagoeneko, lau zortzimilako ditu: Broad Peak, Makalu, Cho Oyu eta Shisha Pangma. Lasak, berriz, azken gailur honi beste bost gehitzen dizkio: GI, GII, Manaslu, Cho Oyu eta Broad Peak.