«Makaluren mendebaldeko pilareko saioa da gehien bete nauena»
A.A. | DONOSTIA
Alex Txikon oso gazterik erori zen mendi garaienen sarean. Nahiz eta 25 urte besterik ez dituen, espedizio askotxo egin ditu; horietako batzuk, gainera, izen handikoak. Oso indartsua dugu lemoarra, zortzimilakoetara joaten diren egungo belaunaldiko euskal mendizale garrantzitsuenetakoa. Mendizalea eta aizkolaria; hurrengo Bizkaiko Txapelketarako gogor entrenatzen ari da.
Dagoeneko espedizio batzuk egin dituzu eta, gailurrei dagokienez, lau dituzu poltsikoan; azkena, Shisha Pangma, bigarren bisitan. Ohiko bidetik ez, baina hego-mendebaldeko marra klasikotik igo zara. Lortu duzun gailurrik gogorrena izan al da?
Oso gogorra izan da. Batetik, oso kondizio gaiztoak izan ditugulako; eta, bestetik, ez nintzelako oso motibatuta joan. Izan ere, azken bolada honetan hainbat lagun hil dira mendian: Loro, Zubieta, Valencia... Egoera horrek pixka bat harrapatuta eduki nau; ez naiz guztiz aske egon. Bestalde, zuk aipatu duzun bezala, Shisha ez dut ohiko bidetik igo eta horrek, jakina, bete egin nau.
Gailurra lortzearena azpimarratu nahi nuen, besteak beste, egin dituzun beste espedizio batzuetan oso jarduera onak izan arren, ez zarelako etxera sariarekin itzuli. Hor dugu adibide gisa Makaluko mendebaldeko pilarean huts egindako saioa.
Uste dut helburuan jo duzula. Niri galdetzen badidazu zein den orain arteko nire espedizio onena edo gehien bete nauena, inolako zalantzarik gabe, zuk aipatu duzun Makaluren mendebaldeko pilarekoa erantzungo nizuke. Ez nuen gailurrik jo, baina goi mailako esperientzia izan zen, aukeratutako bidea oso gogorra eta historikoa delako. Mendizale guztiak tontorraren bila joaten gara, eta hori normala da. Baina kasu batzuetan askoz ere garrantzitsuagoa da egindako saioa tontorra lortzea baino.
Joera handia dago bide arruntetatik igotzeko, gure helburu nagusia saria lortzea delako. Gainera, hori ondo dago, mendizale askok eta askok ez baitute saldu behar beren espedizioa. Nik uste dut joera horretatik pixka bat aldentzen ari naizela: K2-ko saiakera Cesen bidetik, Makalukoa mendebaldeko pilaretik, Antartikokoa, Shishakoa britainiar bidetik... Hala ere, egin ditudana espedizioetan nazioarteko mendizale «profesional» batzuk ezagutu ditut, eta aitortu behar dizut himalaiarzaletasunari ez diotela ezer ematen; ez nik baino gehiago bederen.
Esan duzu gehienek jarraitzen duten ibilbidetik pixka bat aldentzen ari zarela. Horrek esan nahi du helburua urruti jartzen ari zarela?
Lehenik eta behin onartu behar dizut ez nagoela zortzimilakoetan buru-belarri sartuta. Juanitok (Oiarzabalek) esan zidan 14 tontorren bidean nagoela, baina nik erantzun nion ezetz, ez nauela zerrenda horrek betetzen. Argi daukat ez naizela 2004. urtean bezala ibiliko. Urte horretan espedizio batzuk egin nituen: Makalu, K2, Cho Oyu... Horrela ez dut jarraitu nahi. Hori dela eta, urtean soilik irteera bat egitea erabaki dut, baina, hori bai, irteera on bat. Buruan baditut xede batzuk: Everest Norton edo Hornbein bidetik, Makalu berriro mendebaldeko pilaretik, Annapurna hego aurpegitik, K2 ipar edo mendebaldeko isurialdetik...
Horiek guztiak hitz handiak dira. Jakin badakizu zeure buruari asko eskatzeaz gainera taldekide egokiak lortu behar dituzula.
Bai horixe. Katalan zein madrildar lagun batzuekin hitz egin dut, baina oraindik ez dago ezer zehazturik. Bai, zaila da erronka gogor horietarako jendea lortzea. Eta, horrez gainera, zuk esan duzun bezala, entrenamendu handia eskatzen dute. Eta nik ez dut denbora askorik. Baina saiatuko naiz sasoiko jartzen. Badago beste «arazo» bat ere, eta aurrekontua da hori. Harrigarria da hemen gertatzen dena.
Egia da, batez ere erakunde publikoen aldetik, irizpide falta handia dagoela. Seguru asko ezjakintasunagatik ez dituzte laguntzen hainbat proiektu interesgarri.
Bai, hori gertatzen dela uste dut nik ere. Ate batzuk jo ditut, eta erantzun didatena harrigarria da. Agian, nik ez dakidala espedizioak ondo «saltzen» izango da arazoa. Egun oso indartsu nabil, baina ez dut inolako laguntzarik ikusten.
Zortzimilakoetan jarduten zareten euskal gazteen artean zu zara etorkizun handienetakoa dutenetako bat. Eta horrek ere bere isla izan du, besteak beste, «Al filo de lo imposible» bezalako saio batek behin baino gehiagotan deitu dizulako harekin lana egiteko. Euskal Jorge Egocheaga baten aurrean al gaude?
(Kar-kar). Jorge oso indartsua, arina eta azkarra da. Nik, berriz, indar handia dut, pisuarekin ondo moldatzen naiz eta filmatzen ere ez naiz batere makala. Sebastian Alvaro zuzendariak, bederen, oso gogorra naizela esaten du.