GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

EPB enpresako zortzi pilotari Mexikon arituko dira

Waltari, Larretxea, Kurutxari, Ezkurra II.a, Bielle, Maite, Idiart eta Errekart Amerikan dira jadanik bertako lehiaketan parte hartzeko

Jon LEUNDA | BAIONA

EPB enpresako zortzi pilotari Mexiko aldera abiatu dira, etzi hasita Tuyehalco herrian jokatuko den lehiaketan arituko baitira. Gaur egun, Euskal Herrikoak eta Mexikokoak dira trinkete pilotaririk onenak, Waltari salbu, kubatarra baita bera; Mexikon elkartuko dira egungo onenak.

Waltari, Larretxea, Kurutxari, Ezkurra II, Bielle, Maite, Idiart eta Errekart jada Mexikon dira etzi hasita jokatuko duten lehiaketa prestatzeko. Santamaria, Loquillo, Serralde eta Medina izango dira Mexiko bertako pilotariak.

Euskaldunen artean Etxetoren, Ozafrainen eta Muskarditzen hutsuneak dira nabarmenenak; baina, hirurek dute Mexikon ez egoteko arrazoi sendorik. Etxeto arazo pertsonalen ondorioz ezin izan da Amerikara joan. Ozafrain, eta Muskarditz, aldiz, EPB enpresarekin lehiaketa batzuk jokatu dituzten arren, ez dira enpresako pilotariak, horregatik geratu dira kanpo.

Bikoteak zein izango diren, eta lehiaketa nola joango den erabakita dago jada. Hiru bikoteko bi multzo izango dira, eta denek jokatu beharko dute denen aurka. Multzo bakoitzean nagusi diren biak sailkatuko dira finalerdietarako. Multzo bakoitzeko lehenengoa besteko bigarrenaren aurka arituko da; bi irabazleak azaroaren 10ean jokatuko den finalean izango dira.

Orekatuak

Antolatzaileak bikote orekatuak egiten ahalegindu dira, eta azkenik, honela geratu dira: Lehen multzoan, Larretxea-Loquillo, Medina-Ezkurra II.a eta Idiart-Errekart izango dira. Bestean, berriz, Waltari-Santamaria, Serralde-Kurutxari eta Bielle-Maite izango dira. Beraz, Mexikoko pilotariz osatutako bikoterik ez da izango, hango pilotariak, EPBkoekin jokatuko dute.

Mexikoko pilotariak aski ezagunak dira. Santamaria beteranoak urte asko daramatza pilota munduan, eta trinketean onenetakoa da. Euskal Herrian ere izana da partidak jokatzen. Loquillo bera ere aski ezaguna da, EPB enpresarekin hilabete batzuetarako izan zuen kontratua, nahiz eta Euskal Herriko lehiaketetan aritzeko falta zaiola nabari zaion.

Serrelade, berriz, Euskal Herrian hain ezaguna ez izan arren, dagoeneko bada berari buruz oso ongi mintzo den zurrumurrurik. Maila erakusteko aukera paregabeaizango du lehiaketa honetan.

Medina da euskaldunontzat ezaguna den beste pilotaria. Ezker paretean jokatutakoa da. Asegarce eta Ordago enpresetan aritu zen. Lau eta Erdiko Bigarren Mailakoa irabazi zuen. Bere herrialdera itzuli da, eta trinketea probatu nahi du orain.

Agintari euskaldunek hango egoeraren berri izan eta aztertu nahi dute

EPB enpresako agintariek Mexikoko pilotaren egoeraren berri izan eta azteru nahi dute, Jean Michel Idiartek, enpresaren nagusiak, atzo GARAri esan zi0nez: «Han pilotari interesgarriak daude, baina ikusi nahi dugu, ea honelako lehiaketa baten nola moldatzen diren. Hango federazioak nola lan egiten duen ere ikusi nahi dugu», esan zuen.

Laguntzeko prest agertu zen Jedan Michel Idiart: «Hango instalazioak ikusi nahi ditugu, gazteek nola egiten duten lan, teknikoek nolako maila duten, ondoren, ahal dugun neurrian laguntzen saiatuko gara», berretsi zuen EPB enpresaren agintariak.

LEHIAKETA

Mexikoko lehiaketaTuyehalcon izango da, etzi hasi eta azaroaren 10a arte. Sei bikote arituko dira bi multzotan banatuta; bakoitzeko lehen bi sailkatuak, sartuko dira finalerdietan.

Mexikarrak

Santamaria, Loquillo, Serralde eta Medina dira lehian arituko diren pilotari mexikarrak. Azken hau, oraintsu arte ezker paretean aritu da, hasieran Asegarce enpresan, eta ondoren Ordagon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo