IDI-PROBAK
Lasaren uztarriak eraman ditu Uribe Kostako mantak
J.L. | DONOSTIA
Lasaren idiek irabazi zuten pasa den larunbatean jokatu zen Uribe Kostako finala. Bertan, zonalde horretako probalekuetan punturik gehien batutako idiak izan ziren.
Lasaren idiek, 50 iltze egin zituzten Urrutia eta Lopategi itzain zirela. Atzetik Txertudirena geratu zen, 47 iltze eta laurden, eta 12 metro eginda. Hirugarren sailkatu zen Landazabalena, 46 iltze eta erdi, eta 4,50m metrorekin. Laugarren geratu zen Txausonen uztarria, 44 iltze eta laurden, eta 2,10 metrorekin. Bosgarren izan zen Iketzaren uztarria 44 iltze eta 1,20 metrorekin, eta azken geratu ziren Aurtenetxerenak, 44 iltzerekin.
Erreista
Bestetik, Erreistaren idiak dira oraingoz Gernikako probetako onenak. Bi egun jokatu dira, eta horien ostean aiarraren idiak doaz lehen postuan 64 iltze eta 6,36 metro eginda.
Bi egunez atseden hartu ostean, probek bihar jarraituko dute, arratsaldean, 18.00etan hasita, eta han arituko dira nor baino nor gehiago Lasaren, Akuletiren, Zerainen eta Telleriaren uztarriak. Probak egunero jokatuko dira, azaroaren 5a bitarte, orduan jokatuko baita azken ekitaldia. Halere, Erresiatren uztarriak egindako marka ona da, eta ez da erraza izango hori bertan behera uztea, nahiz eta arituko direnek hori izango duten helburu aurrerantzean.
Asto-probetan, berriz, pasa den igandean jokatu zen Mendatan Urrolaren eta Esparruren kintopeko astoen arteko desafioa. Aurrez iragarri zen moduan, sekulako jendetza batu zen norgehiagoka hori ikusteko.
Urrolaren astoa plazaratu zen lehenengo, eta 46 iltze egin zituen. Esparrurenak, 25 minutu eta 35 segundora hobetu zuen aurrekoak egindako marka, baina ordu erdia bete bitarte lanean jarraitu zuen, arautegiak dioenari jarraiki; azkenik 55 iltze egin zituen irabazleak.