GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Santu guztien eguna

Loreak, hilerriak kolore biziz janzteko prest

Urteko egunik bereziena biziko dute bihar hilerriek. Usadioari jarraiki, ohiko kolore iluna eta zurruntasuna alboratu eta kolore biziz jantziko dira. Betidanikoa dirudi Santu Guztien Eguneko lore eskaintzak, baina ez omen da denboran atzera asko egin beharrik hilerrira lorerik eramaten ez zen garaiarekin topo egiteko. Berria edo ez, usadioak lan mordoa ematen die lore saltzaileei, buru-belarri lanean ari diren «lore artisauei».

P010_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Gogoan daukat. Ezin esan seguru zein egun, baina hotz egiten duen garaikoa behar, soinean arropa mordoxka hartuta joaten baikinen. Gurasoak hilarri batean aurrean utzi, eta batera eta bestera zer ikusiko, begiak zabal-zabalik. Gorri gorriak batean, zuri-gorriak bestean, arrosa bizi eta laranjak, deigarriak oso... Kontxo, honek bat ere ez dauka! Santu Guztien Eguna behar zuen, gogora etorritako egun hark, gainerakoan zaila baita hilerrietan halako bizitasunik topatzea. Euskal Herrian hartu duen indarragatik akaso, usadioak betidanikoa behar duela dirudi, baina Antxon Agirre etnologoak kontu berria dela dio, egun ezagutzen ditugun hilerriak bezalaxe.

«Iraganean, aspaldian, hildakoak eliza barnean lurperatzen ziren, eta orduan loreak ez, argia (kandela) eta ogia eraman ohi ziren jarlekura, huraxe baitzen benetako hilerria. Urteko egun batekoa baino, elizako ospakizun guztietako eskaintza zen hura». Antxon Agirre etnologoak «hiri-erritu» gisa definitzen du loreak hilerrira eramateko egun dagoen ohitura, denboraren poderioz herri txikietan ere hedatutako usadioa. Hala ere, «oraindik akaso, herri txikiren batean izango da hilerrian lorerik jartzen ez zen garaia gogoan duenik».

Zergatik, ordea, loreak? Agirrek azaldutakoaren arabera, landareak betidanik babes elementu gisa erabili izan dira. Haren esanetan, Cro-Magnon garaian, pertsona bat lurperatzean landareak jarri ohi ziren ehortz-lekuaren gainean, babeste aldera, bizirik geratzen zen hura hildakoarengatik defendatzeko, hain zuzen. «Egun ohitura hori transformatu, eta lore eskaintza baino ez da».

Egun honetarako prestaketa lana handia da: hilarriak garbitu, belarrak kendu... Biharkoan izango dute, ordea, hilerriek itxuraldaketarik sakonena. Krabelinez, arrosaz, lirioz... Usain eta kolore ederrez jantzita; apaindurarik hoberenak soinean esnatuko dira Euskal Herriko hilerriak. Ilunak, tristeak, bakardadea sentiarazten dutenak. Horrelakoxeak dirudite urte osoan zehar, baina azaroak lehen pausoa egiten duen honetan koloretsu eta jendetsu agertu ohi zaizkigu, ordu batzuetan urte osoan adina jendek egiten baitu gora eta behera hilerrian barna. Lehenik, etxekoen eta lagunen hilarriari bisita; ondoren, gainerakoei begirada, bai baitago zer ikusia.

Hilerriak itxuraldatuta ager daitezen, lora dendetan eta haztegietan buru-belarri lanean aritzeko garaia da honakoa; egun bakarrerako, gainerako urteko beste sasoi batean asteetan egiten duten lana egin behar baitute.

Tolosan dago Casa Arregi loradenda ezaguna. Ezertarako tartea hartzea zaila dute egun hauetan; enkarguak hartzeko, loreak eskatzeko eta mimoz zentroak osatzeko denbora asko behar baitute. Belaunaldiz-belaunaldi jaso eta ikastaroen bidez findutako jakintza bere alde dute, bai eta urtetik urtera handitzen den eskarmentua. Laugarren belaunaldiak jada hartua du lekukoa Casa Arregi dendan, Gorka Arregiren eskutik.

Azken orduan datozenak

Jose Luis Arregi, aitak, azaldu du, urriaren 20 inguruan hasten direla lore eskaerak egiten, hau da, zentruak osatzeko oinarri erabiltzen dituzten loreak erosten. Itsu-itsuan egin behar izaten dute, jendea urriaren amaieran hasten baita lore sorta eta zentruen enkarguak egiten. Bada gehiago itxaroten duenik, eta horregatik bihar eguerdian zabalik izango dute denda, azken unean senitartekoei edota lagunei loreak eman nahi eta aurretikako lanik egin ez duten horiek esku hutsik ez uzteko.

Aurreko urteetako salmenta datuak dituzte haztegietatik loreak ekartzeko erreferentzia, «urte batetik bestera alde handirik ez baita izaten». Gutxi gorabehera, biharko egunerako 600-700 zentru osatuta izango dituzte.

Hizketan ari garela, enkarguarekin datorren bezeroa: «Urtero bezala, mesedez», esan dio lurrontzia utzita. Urtetik-urtera, kolore eta lore deigarriagoek gero eta leku handiagoa hartzen dute egun honetarako prestatzen diren zentruetan, baina oraindik ere hain ohikoak diren krabelin zuri-gorriek dute arrakastarik handiena.

Jose Luisen emaztea, Mari Jose Agirre aritu ohi da, bere erraina Silviarekin batera zentruak osatzen. Loreekin lan egitea, artista lana, kreazio lana da bere esanetan, inspirazioa eskatzen duena, eta barruan duen hori loreen hizkuntzan adierazteko okasioa ematen diona. Akaso baina, Santu Guztien Egunerako egiten den lana presazkoagoa da, «imajinazioari tarte handiagoa egiteko okasioa izaten da urte osoan zehar», kasurik gehienean ohiko zentru klasikoek baitute nagusitasuna. Lehen sarriago, orain gutxi batzuk baino ez dituzte eskatzen, baina bada senitartekoen hilarrietan jartzeko lore koroak edota gurutzeak eramaten dituenik ere. Gutxiago dira, akaso, lorerik erosi gabe etxeko landareak eramaten dituztenak. Aspaldian, mimoz zaindutako lore freskoz apaintzen ziren kanposantuak, ohikoak ziren esaterako, krisantemo edo urreliliak, «kanposantu-lore» izenaz ezagunak. Egun, «txikiagoak ala handiagoak jendeak loreak erosten ditu egun honetarako, eta kanposatuan utzi makaltzen diren arte».

Hain da handia egun hauetako lan karga, langileen kopurua erremediorik gabe handitu behar izaten dela loradendetan. Egunerokoan bost lagunek egiten dute lan Casa Arregin; urriaren amaieran, berriz, hamabi pertsonak jarduten dute buru-belarri eta ordutegirik gabe. «Zerrenda bat egiten dugu eguneko eta horiek bukatu bitartean ez gara etxera joaten», kontatu du. Bihar eguerdian amaituko dute aurten Santu Guztien Egunerako egin beharrekoa. Jose Luisek dio ez dutela ospakizun berezirik egiten, beraientzako «saririk onena bezero guztiak gustura uztea da», lore bila etortzen direnean asmatu dutela sumatzea eta lana ondo egin dutela jakinda atseden hartzea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo