Aitor Sarasua Cofod-eko Euskal Herriko kideen izenean
Darfurreko haurren ateratzearen egia
Darfurreko haur umezurtzak salbatzeko operazioan harrera-familia gisa parte hartu dugu Euskal Herriko sei familiak. Operazioaren inguruan komunikabideetan ateratzen ari diren gezur mingarrien aitzinean, gertaerak nola izan diren azaldu nahi dugu.
Arche de Zoé tsunami garaian sortu zen Gobernuz kanpoko erakunde ttipi bat da. Kide guztiak hastapenetik bolondresak dira, eta haurrak salbatzea da beren helburua. Darfurreko gerra krudelean haurren egoera negargarria ikusirik, eta han bertan oraingoz artatzeko ezintasunaren aitzinean, haur umezurtzak handik atera, eta Frantziako familietan babesteko operazio bat egin nahi izan da. Nahiz eta operazioa Sudanen baimenik gabe eta Estatu frantsesaren babesik gabe prestatua izan, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean eta Haurren Eskubideen Nazioarteko Konbenioan oinarrituta dago. Ez da inondik ere adopzio operazio bat, salbamentu saio bat baizik. Harrera familien artean elkarte bat sortu da, eta hori da Cofod.
Biziki kexu gira operazioa nola zikindu duten ikusirik. Ekintza humanitario bat izan dena, haur trafikoa izan balitz bezala aurkeztu dute, goraipatzekoa izan den ekintza ausart eta militantea, adopzio sare zikin bat balitz bezala erakutsiz.
Ez dugu haur bat erosi. Ez gira engainatuak sentitzen. Ebakuazio gastuetan eta kanpamenduko mediku-laguntza gastuetan parte hartu dugu dirua emanez.
Bi helburu izan ditu operazio honek: Darfurreko haur umezurtzen bizia salbatzea, eta gerra krudel hau nazioarteko eszenatoki politikoan sartzea, gobernuen konplizitatea agerian utzi eta esku hartzera behartzeko.
Hastapenetik (2007ko ekainetik) jakin dugu operazio honek arrisku handiak zituela, eta Sudaneko Gobernuak zernahi gezurrezko salaketa aterako zituela operazioa zikintzeko. Baina hiru gauzak harritu eta kexarazi gaituzte operazioaren anulatze honetan:
1-Frantziako Gobernuaren faltsukeriak; hain zuzen, gobernu honek, hastapenetik, erran nahi baita apirilaz geroztik, operazio honen berri zuen, (antolatzaileak Kanpo Harremanetarako Ministerioan hartu zituzten) nolaz ez du lehenagotik geldiarazi?
2-Komunikabideen konplizitateak; gobernuei sinesgarritasuna eman eta sentsazionalismo hutsean erortzen direlako, «haur trafiko» eta «adopzio merke» bezalako mezuak hedatuz.
3-Eta zenbait erakunde «humanitarioren» erreakzio miserableak; beren eraginkoratsunik eza ezkutatzeko besteen ekintza ausartak zikintzen dituztelako gobernuekiko menpekotasuna agerian utziz (ez direla umezurtzak, ez direla Darfurrekoak...).
Gure sostengu osoa erakutsi nahi diogu atxilotua izan den Arche de Zoéko ekipoari: pertsonalki ezagutzen ditugun suhiltzaile, mediku eta laguntzaile beneboloei. Agian, eginahala laster libratuko dituzte eta agian, haurrak artatuak izanen dira azken asteetan artatuak izan diren bezala.