GARA > Idatzia > Gutunak

Ander Agirre Dorronsoro Amara Berriko auzokidea, Donostia

Jai herrikoiak aurrera

Aurreko asteburuan Amara Berriko auzoko festak ospatu genituenean, oinarrizko eskubide bat aldarrikatzen genuen, auzoko festak antolatu eta bizitzeko, bazkari bat antolatzeko baimenik ez ukatzea. Hiriko festa burges eta diru xautzaileen kontra egonagatik, gure auzoko festak gozatzeko eskubidea izatea besterik ez genuen eskatzen. Festak pasa badira ere, ukazio eta eskubide zapalketa horiek ez dira aldatu udalaren aldetik. Dena den, badaukagu irribarrea ateratzeko arrazoirik, eskubide hau autoritate guztien gainetik zilegi egin baituzue herritarrok.

Irribarre eta zorion hau ez diegu denei bidaltzen ordea. Ez noski, udaleko zein Erkidegoko poliziari, ezta hiritar guztion (!) eskubideak bermatzearren egun udaletxean diren politikoei. Ez, ez, inolaz ere. Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiegu Amara Berriko auzotar eta herritarrei, muga zein oztopo guztien gainetik, manifestazio-kalejiran dantzatu eta abestuz aldarrikapenaz festa egiteagatik. Eskerrak bazkarian parte hartu zuen bakoitzari, auzotar, hiritar edozein jatorritakoa izanagatik, bazkarian bertso zein alaitasuna elkar banatzeagatik. Eskerrak nola ez, jaien parte izan diren Dj Bull, bertsolariari, Txortainsi eta Basabasari. Eta bereziki, eskerrak gure auzoko eta beste auzoetako festak antolatzen aritzen diren jai batzorde, pirata... bakoitzari, herritik herriarentzat eginiko festak egiten laguntzen dutelako.

Hurrengo urteko festak urruti badira ere, gure aldarrikapenek ez dute gordetzeko unerik eta oinarrizko eskubideak bermatzearren, festen bidez kasu honetan, lanean jarraituko dugu, are gehiago festa hauetan zuek guztiok eman diguzuen indarrarekin. Eskerrik asko denoi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo