GARA > Idatzia > Kultura

Jesus Olasagastiren obrari errepaso egiten dion erakusketa, Donostian

Iragan mendeko donostiar margolaririk handienetakoa da Jesus Olasagasti, benetan artista-bizitza laburra izan bazuen ere -48 urterekin hil zen-. Kutxaren Boulevard Aretoek bere lanaren lagina hartu dute orain haren ibilbidea jendaurrean aurkezteko. 120 lanez osatutako eta kronologikoki antolatutako erakusketan, artistak 36ko gudaren aurretik zein ostean eta bere bizitzako azken urteetan egindako lanak jasotzen dira, lehentasuna erretratugintzari eskainiz.

p060_f01_203x112.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Jesus Olasagasti (1907-1955) donostiarra iragan mendeko euskal erretratugile handienetakoa izan zen. Haren margolaritzako lehen aldian, XX. mendeko lehen hamarkadetan Europa osoan agintzen zuten abangoardietara hurbiltzen saiatu zen etengabe. Parisera joan zenean, kubistekin harremanetan egon zen batik bat; Italiatik pasatu zen hurrena, eta bertan «Quatrocentoko» margolariak ezagutu zituen; eta Ingalaterran egon zenean, aldiz, erretratugile ingeles handien tekniketan trebatzeko beta izan zuen.

Halabeharrez, baina, 36ko gudak Olasagastiren ibilbidearen norabidea baldintzatuko zuen. Maria Jesus Lopez de Sosoaga Donostiako Boulevardeko Kutxaren aretoetan gaur bertan zabalduko den erakusketako komisariak azaldu zuen aldaketa hori: «Gerraren ostean gustu kontserbadoreagoetara eta figuraziora itzulera bizi izan zuen Olasagastik. Horren eraginez, erretratugintzaren aldeko apustua egin zuen, gizartearen interesetara gehien hurbiltzen den formula modura». Genero horretan lortu zuen donostiarrak gizartearen aitormenik handiena. Haren izena aipatzerakoan, beraz, «erretratu-margolaria» dator hainbaten burura, eta erakusketak ere arlo horri eskaini dio tarterik nabarmenena.

Obrak, objektu pertsonalak...

Olasagastiren obraren inguruan antolatzen den lehenbiziko erakusketa antologikoa da Donostian inauguratzen duten hau; 120 margolanez eta marrazkiz eta artistaren bizitzarekin lotutako hainbat piezez hornituta dago. Azken esparru horretan hainbat aldizkari, esku-programa eta erakusketetarako gonbidapen ikus daitezke, baita Olasagastiren pasaportea eta bere lanak egiteko erabili zituen paleta eta astoa ere -gerora bere iloba Vicente Ameztoy margolari ospetsuak ere erabiliko zuen-.

Boulevard Aretoen solairu batek 36ko gudaren aurretik egindako lanak hartu ditu, tartean «Arrantzalea», «Izebak» edo «Aita eta semea». Erakusketako arduradunak zehaztu zuenez, koadro horietan nabarmen antzematen da Vazquez Diaz bezalako artisten eragina. Areto berean daude, gainera, kutsu surrealista argia duten koadroak -«Figura», esaterako-, Stafford-eko portzelanazko natura hilak eta margolariak Erromara egindako bidaiaren ondoren margotutako lanak -«Sagar-bilketa», «Yo-Yoaren neskatoa», «Kontzertu», etab.-. Artistaren ekoizpenaren parterik garrantzitsuena horietxek osatzen dute, arduradunen esanetan.

Beste solairu batean gerra ostean egin zituen lanak ageri dira, «nolabaiteko inboluzio artistikoa islatzen dutenak». Sail hori erretratuetara mugatzen da batik bat, genero hori izan baitzen garai hartan artistak gehien landu zuena. Eta, azkenik, beheko solairuan azken aldian (1950etik 1955era) egin zituen lanak bildu dituzte. «Argi- ilunezko garaia izan zen berarentzat, eta bere erretratu onenetako batzuk argia ikusteko aukera izan zuten bertan», azaldu zuen Lopez de Sosoagak.

Arte-giroaren dinamizatzailea

Artista ez ezik, iragan mendeko zati handi batean Donostiak bizi izan zuen bizitza kulturalaren dinamizatzaile handienetakoa ere izan zen Olasagasti. Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketetan parte hartu ohi zuen, eta lehenengo saria irabazi zuen 1923an (15 urterekin). Euskal Artisten Elkarteko kide izan zen, erakusketa antolatzaile Gipuzkoako Ateneoan, GU Elkartearen sustatzaile... «Urte haietan nekez aurkituko da Donostian Olasagastik kartsuki parte hartu ez zuen gertakari sozial edo kultural garrantzitsurik».

«JUSTIZIA EGINEZ»

Olasagastiren ibilbide artistikoari errepaso egiten dion erakusketa artistaren jaiotzaren ehungarren urtemugaren bueltan iritsi da. «Donostiak historian zehar eman duen margolaririk garrantzitsuenetarikoa den Olasagastiren obrari justizia egitea da xedea».

Fitxa

Non: Kutxa Boulevard Aretoak (Donostia).

Noiz: Abenduaren 9a arte.

Ordutegia: 11.30etik 13.30era, eta 17.00etatik 21.00ak arte (egunero).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo