Antzerkiola Imaginarioaren lanak plazaratu ditu Artezblaik
A.B. | BILBO
Antzerkiola Imaginarioa 1998an sortu zen gerora Bilboko Udalak itxiko zuen Mina espazioan antzerki ikerketarako laborategi bezala. Ordutik euskal antzerkiari ate berriak zabaldu nahian aritu da.
Hamar urteotan antzerki hizkuntza propio baten bila Antzerkiola Imaginarioak egindako ahaleginen lagin, formatu handiko lanen testuak bildu ditu Artezblai argitaletxeak eta bi liburukitan plazaratu ditu Antzerki Testu Bildumaren barruan. Liburuki batean «8 Olivetti Poetiko» (1999) eta «Mundopolski, erreboltaren ziaboga» (2002) antzezlanak bildu dituzte eta, bestean, «Yuri Sam. Otoitza» (2000) eta «Au Revoir, triunfadoreak!» (2005).
Azalez aldatu eta bide berriei ekiteko prest da egun duela hamarkada bat bazkide elkarte gisa sortutako Antzerkiola. Ander Lipus zuzendariaren hitzetan, «egoki iritzi diogu Artezen interesari erantzun eta testuok euskaraz argitaratzeari. Izan ere, gure hizkuntza antzerki testu premian da betiere, zeresanik ez bide berriak zabaldu nahi dituzten lanak badira». Liburukietan, «irakurleak lau testu dramatiko baino ez ditu aurkituko», Antzerkiolaren hitzetan. Ez dago antzezlanik bertan; aktore, musika, argi, jantzi, eszenografi, atrezzo eta publikorik ezean, «antzerkiaren errautzak baino ez baitira testuok».