GARA > Idatzia > Euskal Herria

32 pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak Gipuzkoan droga saltzea egotzita

Gipuzkoan 32 pertsona hartu dituzte gatibu; haxixa saltzeagatik batzuk, eta kokaina eta speeda banatzeagatik bertzeak. Iruñean ere hiru lagun atxilotu dituzte droga trafikoa leporatuta, eta Santurtzin bertze bat.

GARA |

Azken asteotan 32 lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Gipuzkoan droga saltzea leporatuta, eta horietako 11 espetxean daude orain. Denetara, 111 kilo haxix, 13 kokaina, 6 speed, kilo bat kristal, sail bat marihuana , 250.000 euro eta 13 auto hartu dituzte poliziakideek.

Lehenbiziko operazioari «Espinete» izena eman diote. Bidasoa eskualdean haxixa banatzen zuen sare bat desegin dutela ziurtatu dute, eta sare horren hainbat eskala kolpatu dituztela ere azaldu dute: «Marokotik droga ekartzeaz arduratzen zirenetatik hasi eta kalean kontsumitzaileei kantitate txikietan helarazten zieten saltzaileetara». 26 pertsona hartu dituzte gatibu: 10 bat marokoar, frantses bat eta gainerakoak gipuzkoarrak. Irunen eta Hondarribian haxix kontsumoa goititu egin zela nabaritu ei zuten eta saltzaile batzuk antzeman ondotik, sei hilabeteko ikerketa abiatu zuten. Polizi iturrien arabera, marokoarrak Gibraltarrera joaten ziren eta kantitate txikietan ekartzen zuten droga, baina bidaiak hain maiz egiten zituztenez, sare honetako bezeroen beharrak asetzen zituzten.

Errenterian, Irunen, Hondarribian, Lezon eta Donostian egin dituzte atxiloketak, eta zortzi etxe edo etxabe ere arakatu dituzte aztarna bila. Hain zuzen ere, Hondarribiko etxabe batean 80 kilo haxix aurkitu zituztela azaldu zuten, eta Oiartzunen, itsasontzi bat eta bertze ibilgailu bat, bere garaian droga garraiatzeko erabilitakoak, Guardia Zibilaren erranetan.

«Buceador» izena du bigarren operazioak eta Gipuzkoako hiriburuan laborategi bat aurkitzea ahalbidetu die poliziakideei. Aieteko jatetxe baten jabearen txoko horretan kokaina eta speeda moztu eta eraldatzen zituztela baieztatu dute. Sei pertsona hartu dituzte gatibu; bost gipuzkoar eta bizkaitar bat.

Iruñean eta Santurtzin

Bestalde, Nafarroako hiriburuan hiru lagun atxilotu zituen joan den urriaren 25ean Polizia espainiarrak droga saltzea leporatuta. 767 gramo kokaina zituztela azaldu dute, eta 3.500 euro esku dirutan. Iruñeko Instrukzioko laugarren zenbakiko Epaitegiak urte hasieran hasi zuen ikerketa eta polizia operazioa, berriz, urriaren 17an abiatu zen Sorian. Bertan, lau lagun harrapatu zituzten kokaina salerosten; horietako bat Iruñetik joandakoa zen. Saltzaileek hamar hilabeteko semearen kotxean ei zituzten 960 gramo gordeta.

Donostiako Udaltzaingoak 39 urteko gizon bat atxilotu du Dokokaina saltzea egotzita; eta Barakaldoko Epaitegiak Santurtzin atxilotutako 23 urteko bertze gizonezko bat kartzelatzeko agindua eman du, 53 kilo haxix antzeman zizkiolako Poliziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo