Saiek artaldeei eraso egin dietela salatu dute Urbiako artzainek
Maider EIZMENDI |
Urbiako artzainak kezkatuta daude azken boladan saiek beren artaldeei eraso egin dietelako. Gertaerarik latzenetarikoa pasa den astean izan zuten, zehazki sai talde batek Jose Luis Uribetxebarriaren ardi batzuk inguratu eta lau hil eta beste bost larri zauritu zituenean.
Mikel Etxezarretak kontatu duenez, mendira igo zirenetik, ekainetik, jasan izan dituzte saien erasoak, baina azken bolada ugaritu egin dira. «Eguneko ardiren bat galtzen ari gara », azaldu du. Hala ere, pasa den asteko erasoak beldurra eragin die orain artean saiek aldiko ardi bakarra erasotzen zutelako, eta ez bildu eta taldeka.
Eraso hauen aurrean neurri eraginkorrak hartzeko eskatu dute artzainek, «lehen hilzorian zeuden ardiei eraso egiten zieten, eta ez bizirik zeudenei. «Hori ez gertatzeko zerbait egitea eskatzen dugu», adierazi du kezkatuta Etxezarretak.
Sai arreak ganaduari eragiten dizkion kalteek sortarazitako arazoak ezagutzeko asmoz, Aranzadik bi jardunal-di tekniko egingo ditu datorren azaroaren 16an eta 17an. Haietan hainbat eremutan izandako esperientziak eta balizko irtenbideak kudeatzeko zenbait ideia aurkeztuko dira.
Arazoaz hausnatzeko
Zehazki, datorren azaroaren 16ko saioan «Sai arrea: biologia, jokabidea eta gizakiekiko interakzioak. Horren kontserbaziorako oinarri ekologikoak» gaia landuko du J.A. Donazar irakasleak. Saio berean Martin Razinek eta David Campionek, bestalde, Euskal Herrian izandako beste zenbait kasu azalduko dituzte eta Antoni Margalidak sai arreen eta azienden arteko interakzioen diagnostikoa egin eta balizko irtenbideak aurkeztuko ditu. Hurrengo egunean txango bat egingo dute sai arreak ikustera joateko.
Jardunaldietan izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta joateko asmoa duenak 94-3466142 telefono zenbakira deitu behar du.