Ingurumenaren Grenelle-az Berdeen balorazio gazi-gozoa
Asteburu honetan Parisen egin da ingurumenari buruzko hausnarketa eta eragileen arteko negoziazio txanda. Ingurumenaren Grenelle izenaz ezagun den mahainguruak, alde batetik poztu, baina bestetik kezkatu egin ditu Euskal Herriko Berdeak. Hartutako erabaki orokorren aplikazio konkretua zehatz zainduko dutela esan dute. Nekazaritza eta garraioko presio taldeek, Parlamentuan proposamenak ezerezean uzteko arriskua handia dela uste dute Berdeek.
Eneritz ZABALETA |
Euskal Herriko Berdeek agerraldia egin zuten atzo Baionan, asteburuan iragan diren ingurumenaren Grenelle-ari buruzko balorazioa egiteko. Esperantzaren eta zuhurtziaren artean kolokan zeuden berdeak: «Lehenengo aldiz, Estatuko esparru guztietako kideak, direla kazetari, politikari edo, noski, herritar, ingurumenarena funtsezko arazoa dela konziente dira. Hala ere, hemendik aitzina gertatu-ko dena hurbiletik zainduko dugu», erran zuen Jean Lissar Berdeen kideak. Berdeek «ari-keta demokratiko»a txalotu zuten, Izan ere, Berdeen arabera, 15.000 eragilek parte hartu dute eztabaida horretan, 1.500 proposamen egin dira, haien artean internet bidez parte hartu duten 300.000ren bat lagunenenak.
Parisko mahainguruan hartutako erabakien artean, bat baino gehiago Berdeek aspaldi egindako proposamenak zirela adierazi zuten: «Eraikuntza alorrean, urteak daramatzagu isolamendu baldintzak hobe daitezela eskatuz. Orain hartu da erabakia, baina hamar urte lehenago har zitekeen», esan zuen Lissarrek.
Mesfidantza geroari begira
Grenelle aurrerapauso bat izan dela onartu bazuten ere, Euskal Herriko Berdeek geroari begira bertan hartutako konpromisoak odolusteko arriskua nabarmendu zuten: «Erabaki anitz biziki orokorrak eta baldintzatuak dira. Gai sentsibleetan, posible bada, ahal den neurrian... eta gisa horretako hitzak erabiltzen dira. Fase parlamentarioan, presio taldeek erabakiok odolusteko arriskua dago», erantsi zuen Li-ssarrek. Berdeek nekazaritza eta garraio arloan hartutako erabakiak dituzte gogoan bereziki. Horrela, autopistak mugatzeko erabakia, aldian aldian dauden baldintzetara egokitzea aurreikusten du Grenelle-ko erabaki batek. Nekazaritzan aldiz, pestiziden erabilera %50 murrizteko helburua finkatu da. Baina helburua «ahal bada» gauzatuko dela dio testuak. Helburu zabal horiek, gerora bete ez daitezen ateak zabalik uzten dituztela salatu zuen Lissarrek.
Azkenik, Berdeek hainbat gai korapilatsu eztabaidatik uxatu izana gaitzetsi zuten. Bereziki nuklearraren arloan: «Nuklearraren gainean ez da erabakirik hartu. Eztabaidan geunden bitartean, Sarkozyk zentralak saldudizkie Libiari», adierazi zuen Lissarek. Ondorioz, Grenelle-ko erabakiak Parlamentuan benetan gauzatzea eskatu zuten berdeek, eta fase parlamentarioa bereziki zainduko dutela erantsi, industrietako presio taldeek hainbat erabakiren funtsa odolustu ez dezaten.