GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Stanfordeko palmondoak

«Palmondo horiek Amerikako Estatu Batuen sinbolo izan litezke. Ederrak dira itxura batean, sendoak, baina antzuak dira benetan. Ez dute fruiturik ematen»

Dikran Karagueuzian irakasleak jaso gaitu Palo Altoko tren geltokian. Geltokitik arra bete bidera dago Stanfordeko Unibertsitatea. Espainiar kolonial estilora egindako bi zutabe handik zehazten dute campuserako sarrera. Etorbide luze-luze baten atea dira bi zutabeak. Etorbidea eliza batean bukatzen da, Memchu izeneko elizan. Campusa ikaragarria da, eraikinak barreiatuta daude parke zabal batean. Ez daude bata bestearen gainean, han hemenka baizik. Automobilean goazela Dikranek esan digu eraikinetako batzuk euskaldun baten laguntzaz zaharberritu dituztela. John Arriaga du euskal amerikarrak izena eta nonbait Unibertsitate hartan bertan ikasi zuen gaztetan. Saskibaloi jokalari gisa egin zen famako Arriaga baina eraikuntza alorrean egin zuen dirutza. Eta irabazi horietatik zati handi bat Unibertsitatea berritzen erabili du gizonak.

Dikran armeniarra da eta editore lana egiten du Stanforden. Hizkuntza eta filosofia gaiak argitaratzen ditu batez ere. Txikia zelarik alde egin behar izan zuen sorterritik Karagueuzian familia osoak. «Herri txikien patua», esan dit begietara begiratuta. Haren bulegora joan gara eta argazki bat erakutsi digu. Argazkian haurrak zeuden, eskolarako arropekin. Amerikako Estatu Batuetara erbesteratutako armeniarren seme-alabak. Segituan asmatu dugu nor zen Dikran, haur bihurriaren aurpegia du oraindik eta.

Errezitalaren ondoren, campusa erakutsi digu gizonak Katie izeneko antropologia ikasle batekin. Katieren amona Lekeitiokoa da eta badu berak ere oraindik kostaldeko euskal emakumeen traza. Memchu elizara eraman gaituzte. Memchu, horrela deitzen diote Memorial Church izeneko elizari. Jean Stanford andreak eraiki zuen XIX. mendearen hondarrean. Senarra gomutan hartuta eraiki ere. Eliza ederra da benetan, urrezko mosaikoekin apainduta ditu hormak. Hasiera batean pentsa liteke eliza katolikoa dela, baina ez da horrela. Fede guztietako jendeak egin dezake otoi bertan. Baita federik ez duenak ere. Katiek esan dit sabaira begiratzeko. «Kupula oso-osorik dago baina bazterretako sabaiak oholezkoak dira. 1906ko lurrikararengatik da. Hegaletako sapaiak erori egin ziren, baina kupula oso-osorik geratu zen. Inork ez du ulertzen nola», esan dit. Egitan, lurrikara hark ia dena hondatu zuen San Franciscon eta eliza hori da zutik geratu ziren eraikin bakarretako bat.

Bukatu da Stanfordeko egonaldia. Dikranen autoan sartu eta etorbide luzea igaro dugu. Etorbidearen hegaletan palmondoak daude, sendo-sendoak. «Palmondo horiek Amerikako Estatu Batuen sinbolo izan litezke. Ederrak dira itxura batean, sendoak, baina antzuak dira benetan. Ez dute fruiturik ematen. Ez da jaioko palmondo berririk hemen. Hiltzen direnean, berriak ekarri beharko dira atzerritik».

Tren geltokian agurtu dugu Dikran. Geltokian ez dago inor. Trenaren zain egon beharko dugu, berriz ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo