GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Aurreak erakutsi atzea

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Horrelaxe dio esaera zaharrak, honetan edo hartan orain arteko bizipenak, aurrekoak beraz, gerokoan, atzekoan beraz, espero daitekeena sumatzeko duen garrantzia adierazi nahian. Aurrekontuen harira etorri zait esaera buru aldera. Aurrekontuak orain arteko kontuak dira, ez gerokoak, azken hauek atzekontuak izango zirelako. Dena dela, kasu honetan aurrekontuak esan edo atzekontuak esan, berdin da, izenak ez du izana aldatzen, hain dira segidakoak! Kontinuistak edo, ganorazko oposizioaren berbetan. Baina zelan ez dira, bada, atzekontuak aurrekontuen kontinuista izango, batak eta besteak aurkeztu dituen Gobernua bera kontinuista bada? Are gehiago, ganorazko oposizioa bera ere kontinuista bada. Bestelako atzekontuak izateak bestelako gobernua izatea eskatzen du, eta hori gaur gaurkoz eta hemen hemengoz gehiegizko eskaera da. Hiriburuetako kale nagusietan asko dira eskean, eta? Eskatzea ez da askatzea. Hala ere, atzekontuez berba egin beharra dago, zer esanik ez da, eta horien betiko norabidea salatu ere, batez ere aurrekontuez aurrez kontuak eskatuta. Hauxe da nire aurreiritzia, behinik behin.

Tira! ez dakit nik zergatik, baina susmagarria begitantzen zait aurrekontuak esaten diren horiek urtez urte Domu Santu egunaren bueltan aurkeztea. Kausa-ondorio erlaziorik ote? Kiratsa dariolako kontuon hainbat partidari, beharbada? Jainkoak berak baleki! Analista politikoa izateko denborarik ez badut ere, susmoak izan baditut, seguruenik horrexegatik naiz susmagarria batzuen begietara, eta erlazioa izan daitekeena aurkitu berri dut. Hauxe nire gogoeta-ildoa: Domu Santu eguna, hilerriak, loreak edonondik, arrosak, bai, arrosak, arrosa gorriak, bai, sozialistak... hitzartu bide dituzte sozialistek eta Lakuakoek atzekontuok! Hemen ere aurrea erakusle. Tira berriro! Egoera politikoa argi keinukari bainintzen ikusten dut, orain ondo, orain txarto, orain ondo orain txarto; orain ezer ikusi ez. Hala ere, badut pozerako motiborik egunotan. Horra laster batean batera jezarriko direla epailearen aurreko erruztatuen aulkian sentsibilitate desberdineko politikariak, berbaren akusazio larripean. Aukera ezin hobea epaileari bizkar emanda Loiolan amaigabea amaituz joateko. Baina ez da erraza, komunikazioa ekiditeko batzuk prest daude kableak berak osteko ere. Aurrea erakusle.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo