GARA > Idatzia > Kultura

Galeuscan Lugotik Mondoņedora, irudiak ahots egin zirenekoa

Iruditeriaren gaiak egin du bere bidea Galeuscan, eta iturriak nahiz klasikoak aztertu ostean, atzo heldu zen aurtengo gaia ikuspegi garaikide batetik aztertzeko tenorea.

p048_f01.jpg

Oier GUILLAN

Mondoñedoko bidean heldu genion larunbatean Galeuscaren egitarauari, Manuel Maria idazlearen jaioterrian, Outeiro de Rein. Bertan, Maria lurperatuta dagoen hilerria eta haren omenez herrian bertan paratutako oroigarria bisitatu genituen, eta baita bere zenbait poema irakurri ere. Goizean Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko literaturen egungo iruditeria aztertu zuten Francesc Seresek, Maria Xesus Nogueirak eta Xabier Gantzarainek, hurrenez hurren.

Kataluniako ponentzia Guillen-Jordi Graells lehendakariak irakurri zuen azkenean, Francesc Seresek ezin izan baitzuen agertu. Hitzaldiak Seresen azken liburua izan zuen ardatz. Bertan, Kataluniako zenbait eskualdetara iritsi den inmigrazoan oinarrituta, azken 25 urteotako historia islatzen saiatu da egilea «mundu guztia bildu dut nire koadernoetan, bazter guztietako jendeak. Ez dakit nahikoa izango ote den eskatzen zaidan tolerantzia, kosmopo- litismo eta irekitasun kuota betetzeko... nahiz eta horretarako, hobe gaztelaniaz idatziko banu, honelako liburuak ustez irakurtzen dituen publikoarentzat. Baina ez».

Maria Xesus Nogueirarentzat iruditeria «kultura batek errealitateaz osatzen duen irudia da, kode artistikoetan islaturik a-gertzen dena». Literatura galego garaikidearen iruditeriaz hitz egiteak, gainera diktaduraren amaieraren ondorioz sistema literarioan jazo eraldaketa garrantzitsuei erreferentzia egitea dakar.

Hizkuntza sentituz

Xabier Gantzarainek «Maitetasunaren koordenadak» izeneko testua irakurri zuen. Bertan, hastapenetik argi utzi zuen hizkuntza sentitu egiten dela, ororen gainetik. Hiru liburu izan zituen ardatz azterketa egiteko: Koldo Izagirreren «Non dago Basques´Harbour», Iñigo Aranbarriren «Harrien lauhazka» eta Jose Luis Otamendiren «Lur bat zure minari». Azken honi erreferentzia eginez, Gantzarainek zera aipatu zuen: «argi utzi nahi dut ez dela hizkuntza liluratzen nauena, ez dela ene bakardade linguistikoa hausteko bidean jarri izana, liburu hau nire maitetasunaren koordenadetan sartu zuena, eta liburu hau gogoan atxiki bazait, erakusten duen ederragatik dela, neure egin dezakedan mundu bat erakusten duelako».

Gantzarainek gainera, Hiru Truku taldeak abestutako «Jaun Zuriano» kanta jarrita hasi zuen saioa, Arturo erregeak ezpata altxatzean bizitako istorioa gogora ekartzen ahal duena, bide batez, iruditeria oro denontzat bera dela erakusteko, edo sarritan, uste baino gertuago dagoela bederen.

Irudiak ahotsera ekartzen

Mondoñedon bertan izan zen arratsaldean testuen irakurraldia. Poesia eta antzerkiak izan ziren hiru hizkuntza desberdinen erakusgarri ziren idazleek landutako generoak. Emanaldi bizia jaso ahal izan zuten entzuleek. Medos Romero, Marica Campo, Henrique Rivadulla, Montserrat Rodes, Ramom Guillem, Jaume Miro eta Juan Ramon Makusok hartu zuten parte, besteak beste. Azken honen poesia lanaren lerro batzuk ekarriko ditugu gogora, irakurraldia zer izan zen lerrotan islatzeko: «Nire aurrean zaude ikusten ez zaitudanean./ Elurtearen erdian belardiaren gainean/irudia dut gogoan: irudimenaz/ikustea ikusi ezin dudana».

Lugora bueltan berriz Galizian aski ezaguna den Mofa e Befa antzerki taldearen antzezlana ikusi ahal izan genuen. Azkenik, lerro hauek idazten amaitzear zeudela, kaleratzear ziren Galeuscatik ateratako ondorioak, eta egitear aurtengo omenaldia: Basilio Losada itzultzaileari eta Euskal Herrian arras ezaguna den Xose Estevezi, hain zuzen ere.

Joan dira aurtengo Galeuscaren hitzak, eta irudiak. Itzulerako bideak beti dira motzagoak, batez ere etorkizunera itzultzen direnean. Herrialde Katalanetan, Valentzian, izango da heldu den urteko zita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo