Elkarrizketa espetxetik
«Borrokakide sendoa aurkiti dugu gure alde Itoitzen: Amalurra»
Iruñeko kartzelan preso dagoen Julio Villanuevak Itoizko urtegiari estuki lotuta dauden oposizio eta borrokaren berri eman digu elkarrizketa honetan. 1996. urtean kableak moztuta egindako sabotaia zela-eta, bera izan zen kartzelatutako hirugarren solidarioa, baita egun kartzelan jarraitzen duen bakarra ere. Iñaki Garcia Kochek eta Ibai Ederra-k hiruna urte eman dituzte bertan.
Itoitzen aldeko borrokatik, zer ondorio ateratzen dituzu?
Borroka luzea eta latza da, eta oraindik proiektua behin betiko gelditu ez arren, hogei urtez luzatzea lortu izana egundoko arrakasta da, etsaia ez baita makala. Gainera, borrokaren balantzea egiteko garaia ez da oraindik heldu, proiektua oraindik ez delako bukatu . Beraiek aitzinera segitzen dutenez, geuk ere bai. Gainera, orain borrokakide sendo bat aurkitu dugu gure alde: Amalurra. Berak behin eta berriz Itoizko urtegia ez duela onartzen esan baitu, dardaraz eta harrabotsez.
Kableak moztearen sabotaiak zer ekarri zuen? Zer lortu zen?
Une oso egokian urtegiko lanak ia-ia urtebetez etetea ekarri zuen. Ez dugu ahaztu behar garai hartan Auzitegi Nazionalak Itoizko urtegia ezgai eta ilegaltzat jo zuela, baina gelditu ahal izateko, oposizioak 36.000 miloi pezeta (gerora 12.000 miloi pezeta) ordaindu behar zituen. Oposizioari hori eskatzea lotsagabekeria galanta zela iritzita, lan horiek bertan behera uztea erabaki genuen.
Ekintza ausarta, garbia eta eraginkorra izan zen, eta borrokara poza eta itxaropena ekarri zituen. Itoizko urtegiaren aurkakora ez ezik, baita Lurraren aldeko gainerako borroketara ere. Izan ere, ohituta gaude salaketa ekintza sinbolikoak eta askotan folklorikoak egitera, eta ekintza harekin, sinbolismoaz haratago jo genuen. Min egin genien, eta ordainetan, bidegabeko epai batez zigortu gintuzten.
Itoizko Koordinakundea lehen- bizi, Solidarioak ondotik. Ho- rien artean ere lehenengoak eta ondorengoak, herriak defenda- tu zituztenak, Agoitz eta inguruetako bizilagunak orain beraien segurtasuna dela eta... Itoitzko proiektuak fase anitz izan ditu, eta denetan luzatu da katea; kate-mailak erantsi zaizkio...
Kapital handiak gero eta azpiegitura erraldoiagoen beharra izaten du eta lan horiek denboran luzatzen dira. Itoizko proiektua, gainera, Francoren garaian hausnartutako proiektu baten oinordekoa da, orain dela hogei urte inguru mamitzen hasi zena. Beti talde eta borroka molde ezberdinez osatutako oposizioarekin topo egin behar izan du.
Horrek guztiak lanen martxa oztopatu eta luzarazi du, proiektu ofizialak traba asko gainditu behar izan dituelako. Azkenaldian, oposizioarekin ez ezik lurrarekin ere arazoak izaten ari dira, eta berari guri baino kasu gehiago egitera behartuta daude.
Itoitzen inguruko azken berria; ura Zaragozako Expora erama- teko baliatuko da, Madrilen erabakia dela-eta. Erriberan golf zelaiak egiten ari dira. Oraingo egoera edonor etsitzeko modukoa da? Etsita?
Inondik inora ez. Zenbat eta astakeria handiagoa egin, orduan eta nabarmenago agertzen dira beren asmo txikitzaileak eta beren `garapen iraunkorraren' gezurra. Erribera bezain idorra den eskualde batean golf zelaiak egiten hasteak edo «ura eta garapen iraunkorra» lelodun Zaragozako Expo egiteko suntsiketa eta xahukeria handiak egiteak jendeari zer pentsaturik ematen diola uste dut, edo behintzat, eman beharko liokeela.
Gainera, orokorrean, `garapenkerian' oinarritutako basa- kapitalismo honen mugak argi eta garbi agertzen ari dira eta suizidio kolektiboa gertatu baino lehen herriak erreakzionatuko duela sinetsi nahi dut.
Itoitzen kontrako borroka izan da indartsuena, edo soilik eza- gunena?
Euskal Herrian lurrarekiko lotura betidanik aski sendoa izan da. Hori dela-eta, txikizio handia eragin duten proiektu txikitzaile gehienen aurka dezenteko oposizioa izan da: Lemoizko zentral nuklearra, autobiak, erraustegiak, zabortegiak, Pasaiako Superportua, AHT...
Nire ustez, lurraren defentsan izandako borrokarik gogorrena eta eraginkorrena Lemoizkoa izan da. Itoizkoa agian luzeena, hogei urte pasatu ondoren oraindik bukatu gabe dago eta. AHTren lan erraldoiak ere asko luzatuko dira denboran, eta espero dezagun oposizio sendo eta deszentralizatuaren bidez Lemoizen bezala irabaztea. Borroka hauetatik guztietatik zera ikasi behar dugu: Etsaia ez dagoela Itoitzen, Lemoizen, Pasaian... etsaia azpiegitura handiak behar dituen sistema dela, eta gure borrokak testuinguru orokor batean eta elkartasunean oinarrituta landu behar ditugula. Ez ditugu borroka partzialtzat hartu behar, etsai beraren tresna ezberdintzat baizik.
Autobiaren kontra, baina den- borarekin jendeak onartu egiten du. Nork ez du erabiltzen gaur egun Sakanara, Lekun-berrira edo Donostiara joateko? Arrisku hori dago, denborak zauriak sendatu eta urak bare- tzearena?
Neurri bateraino baliteke, baina erritmo zoro hau ezin dugu amaigabean luzatu, lurrak suntsitzen dituelako, eta batez ere arrazoizkoa ez delako. Madrilen esaterako, M-30 eta M-40 egin ondotik M-50 egiten ari dira. Noizko M-60 eta M-70? Hau erokeria da! Horrenbeste gehiegikeria egin ondoren «Aski da!» esateko ordua aspaldi iritsi da. Orain arteko garapen eredu desarrollista honek argi gorri guztiak piztu ditu; garaia heldu da autoeraketa deszentralizatuan oinarritutako bizikidetza sustatzeko, beti ere Amalurrarenganako errespetuan oinarrituta. Bitartean, borroka zuzena dugu bide bakarra.
Iñaki Garcia Koch eta Ibai Ederraren kasuak ikusita, edo- zein unetan kartzelatua izan zintezkeela pentsatzen zenuen? Hainbertze urtez nola eraman duzu pisu hori?
Bai, horrela da. Klandestinita- tean biziz gero, edozein unetan erortzeko arriskuan zaudela pentsatu behar duzu, eta horretarako, burua psikologikoki prestatu behar duzu. Pisu hori zortzi urtez eramatea gogorra egiten da, oso. Hala sasian nola erbestean lehengo bizimodu arrunta ezin duzu eraman, etxea, familia, lagunak, jarduerak eta hurbileko ingurunea atzean utzi behar dituzulako. Deserrotze bortitz horri, gainera, gehitu behar zaizkio, sasian biziz gero, erortzeko arriskuak sortarazten dituen antsietatea, estresa eta estualdia ere.
Denak batera atxilotu beha- rrean, banan-banan eta ia espero ez denean gertatu dira. Zuk zer pentsatzen duzu?
Bistan da haiei ez zaiela interesatzen denak batera atxilotzea, guk, denak batera espetxean, zalaparta handiegia sor genezakeelako. Beraientzat eramangarriagoa da banan-banan atxilotzea kalea gutxiago mugi dadin, are gehiago egungo egoeran, proiektua bera `dardarka' dagoenean.
Nola ikusten duzu egungo egoera? Eta borroka?
Gezurra badirudi ere, proiektuaren bultzatzaileak hogei urte hauetako unerik latzenean daude urtegia bera kinka larrian dagoelako. Hogei urteko borrokaldi hau izan ondoren, oposizioa bera baino aurkari handiagoa topatu dute: Amalurra. Honen kontra ezin dituzte oposizioaren aurka astindutako arma berberak erabili: Legea aldatu eta beraien alde baliatu, oposizioa kriminalizatu eta kartzelatu, jendea engainatzeko bideak beren interesen arabera moldatu.
Lurra dardarka dagoen modu berean beren egitasmoa ere dardarka dabil. Alferrik ari dira betetze probak beren interesen arabera faltsutzen, goiz ala berandu, atzean utzi beharko baitute beren proiektua.
Borrokaldi luze eta gogor honen ondoren oposizioa ahuldurik eta nekaturik egotea normala da. Alta, orain da garaia ur- tegiaren aurka urte hauetan guztietan borrokatutako guztiok bat egin dezagun eta hondamendia gertatu aurretik ditxosozko proiektu hau behin betiko gelditzeko, urtegia hustuz, herriak altxatuz eta ingurua lehengoratuz.
Jasone MITXELTORENA