Olatu erraldoi bat lehertu da Donostian atxilotuen alde
«Errepresiorik ez! Aski da! Atxilotuak askatu» lemadun pankartaren gibelean herritar ilara luzea sortu zen atzo arratsaldean Donostian; adin guztietako ehunka gizon-emakumez osatutako olatu batek hartu zuen Bulebar ingurua. Goizean, berriz, solasean hasi zen itsasoa Haizearen Orrazian lehertzean; gazte talde batek Zapaterori, Ibarretxeri eta Sarkozyri idatzitako mezua zabaldu zuen: «Euskal Herriarekiko dugun konpromisoa ezin da giltzapetu».Maider IANTZI |
Asteartean atxilotutako zazpi donostiarretatik bost inkomunikaturik daude preso, eta bertze biak aske utzi dituzte kargurik gabe. Horiei, azkenaldian Euskal Herrian gatibu hartu dituzten gainerako gazteei eta senide eta lagunei elkartasuna adierazteko mugitzen ari dira herritarrak egunotan. Manifestazio jendetsuenetakoa atzo arratsaldean egin zuten Bulebarren. «Aski da», erran zuten bertan bildutako ehunka gizon-emakumeek. «Berriz ere hainbat donostiar atxilotuak izan dira, berriz ere hainbat donostiarren giza eskubideak zapalduak izan dira, berriz ere gezurretan eta manipulazioetan oinarrituz hainbat gazte kriminalizatuak eta aldez aurretik epaituak izan dira. Berriz ere inkomunikazioa, mehatxuak, tratu txarrak, tortura».
Beren aburuz, azkenaldian izandako atxiloketa eta espetxeratzeak espainiar eta frantziar estatuek eta «beren morroiek» abiatutako gerra estrategiaren parte dira. Helburu argi bat dute: «Euskal Herriaren eta askatasunaren aldeko apustua egiten dugunok zapaldu eta txikitzea». Baina ez dutela beteko ziurtatu zuten manifestazioan parte hartu zutenek, herri honek aitzinera eginen duelako beti, independentzia eta sozialismoa lortu arte, amnistia eta askatasuna irabazi arte.
Ertzainen furgoneten urdina eta argazki kameren zuria nahasi egiten ziren manifestazioan, Bulebarretik Hernani kalera, Askatasun Hiribidetik Okendora. Txaloak eta garrasiak aditu ziren ibilbide osoan. Batez ere atxilotuak aska ditzatela eskatzen zuten oihuak ziren, baina bertzelakoak ere baziren: «Errepresioa ez da bidea», «Hemen torturatzen da», «A ellos la ley antiterrorista», «Independentzia», «Zuek ere txakurrak zarete»... Pankartaren aitzinean bi ertzain zihoazen oinez eta horietako batek manifestazioa gelditu zuen une batean, lema «iraingarririk» ezin zela erabili ohartarazteko. Baina eztabaida txiki baten ondotik aurrera egin zuen jende olatu handiak.
Eguerdian, Haizearen Orrazian
Hamaika argazki kamera zegoen: batek dotore-dotore jantzitako bikote ezkongai bati begiratzen zion; bertzeak zuloen gainean berokiak noiz altxatuko irrikaz zeuden haurrei. Urak marraztutako harrietan arreta jartzen zuenik ere bazen, edo han urrunean, itsasoak eta zeruak bat egiten duten lerroan... Halako batean pankarta bat begiztatu zuten objektiboek, honako lema idatzia zuena: «Gazte eta aske irabazi arte». Eta gibelean hainbat herritako neska-mutil talde bat, kamiseta gorriekin. Salaketa bat egiteko bildu ziren Eduardo Txillidaren eskulturen ondoan; «PSOEk, PNVk eta UMPk Euskal Herria eta ezker abertzalea ahultzeko adosturiko gerra estrategia» gaitzesteko. Gazteen iritziz, alderdiok ezin diote publikoki ezetz erran ezker abertzaleak negoziazioetan egindako eskaintzari eta, horregatik, kolore desberdinetako poliziak erabiltzen dituzte proposamena indargabetzeko eta gizarteari berriro iruzur egiteko.
Udal eta foru hauteskundeetako apartheid egoera, manifestazio eta ekitaldi publikoak legez kanpo uzteko erabakiak, Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak espetxeratu izana... «Gerra estrategiaren tesia berresten duten adibide batzuk baino ez dira», gazteen erranean. Beren ustez, horrela jokatuz, «errepresioaren bidez, ezker abertzalea eztabaida politikotik baztertu eta desagerrarazi» nahi dute.
Turisten galderen, bikoteen musuen eta haurren jolasen ondoan, Haizearen Orrazian, atxiloketek «herri honen eskubideen defentsan antolatu eta borrokatzen den gazte ororen aurka jotzeko xedea» dutela azaldu zuten. «Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatu ezean borrokak ez du atsedenik izango» ziurtatu zuten.
Bertzalde, Donostiako EAE-ANVk ere espetxeratuak askatzeko eskatu zuen ohar batean, eta udal taldeen isiltasunak polizia operazioa babesten duela salatu zuen.