Lau eta Erdiko Txapelketa
Iazko porrotaren mendekua hartu du Aimarrek Labriten
Kasta eta indarra berezkoak dituen arren, asko falta zaio Irujori ohikoa duen joko-maila harrapatzeko
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Aimar Olaizolak uste baino askoz eragozpen gutxiagorekin eskuratu zuen bere lehen garaipena finalerdietako ligaxkan. Juan Martinez de Irujo ez zen gustura aritu Labriteko partidan; presaka eta kantxari neurria hartu ezinik ibili zen, eta garaipena esku-eskura utzi zion Goizuetako aurrelari finari. Markagailuko aldea kontuan hartuta gainera, hamaika tanto azkenean, Aimarrek urrats handia eman du finalean sartzeko.
Neurketaren lehen erdian utzi zuen partida erabakita Aimar Olaizolak. Ohikoa den bezala, goizuetarra oso kontzentratuta irten zen kantxara, harmailetako burrunba eta iskanbilari jaramon handirik egin gabe, eta konturatzerako, xorro-xorro, zortzi tantoko aldea pilatu zuen markagailuan (9-1).
Lehen partzial horretan Aimarren sakea eta Irujoren akatsak aipatu behar dira. Buruz Buruko txapeldunak asko behartu zuen bere aurkaria lehen jokaldiarekin -hiru sartu zizkion lehen takada horretan- eta Irujo nahiko trakets moldatu zen aurreko koadroetan, hiruzpalau pilota txapapera bidalita. Jokaldi ikusgarriena 4-1ekoan egin zuen Aimarrek, tantoa ezker gantxo eder batekin amaituta.
Irujo bere onetik ateratzen hasia zen ordurako eta bi aldiz pentsatu gabe airez sartu zen errestora. Ongi irten zitzaion saiakera eta jarraitzaileen laguntzarekin markagailuan zertxobait hurbiltzea lortu zuen (10-5). Tanto aipagarriena 10-4koa izan zen, ezker gantxo ikusgarri batekin lortua.
Zaintiratua ipurmasailean
Ongien ari zenean, ordea, bi paretak jaurtitzen hasi eta beste huts nabarmen bat egin zuen Irujok aurre-aurrean. Hori gutxi balitz, Iberoko aurrelariak aldageletara sartu behar izan zuen 12-5ekoarekin ipurmasailean izandako zaintiratu batek behartuta. Txema Urrutia sendagileak lagundu zion pilotariari eta, zorionez, ez zuen jokatzen jarraitzeko arazorik izan.
Jokatzeko arazorik ez, baina aurkaria mendean hartzeko nahikoa lan. Esan liteke Aimarrek zortea ere lagun izan zuela atzokoan. 13-6koa zabalera alde egiteko oso gutxi falta zuen pilotakada batekin lortu zuen eta 14-6koa Irujok oso gutxigatik luzeegi jo zuen beste batekin. Iazko txapeldunak azkarregi galdutako beste bizpahiru pilotek ezarri zuten markagailuan alderik handiena (18-6).
Sakea txokotik
Dena galduta ikusita, Irujok arratsaldeko bigarren teknika aldaketarekin egin zuen aproba. Sakea txokotik ateratzen hasi zen, batzuetan zabalera eta beste batzuetan txokotik txokora. Eta trikimailua horrenbestean irten zitzaion, markagailua pixka bat atontzeko moduan bai behintzat. Bost tanto egin zituen errenkan -horietatik bi sakez- eta bere zaletuei txalo batzuk jotzeko aitzakia ederra eman zien iberotarrak. Ametsari bukaera Aimarrek eman zion segidan egindako beste lau tantorekin, gogorrena, 19-11koa.
«Oso kontzentratuta irten naiz kantxara hasieratik eta hor egon da gakoa. Atzetik jarri denean, bera asko arriskatzen hasi da, eta gaur ez zaizkio gauzak atera. Nire aldetik, oso pozik nago. Pilota errazik ez diot utzi eta bi eskuekin pilota ongi mugitu dut. Markagailu honi esker, beste partida bat irabaztea nahikoa izan daiteke finalean sartzeko», aipatu zuen Aimarrek neurketa bukatutakoan. Hurrengo astean, gaurko irabazlearen aurka neurtuko ditu indarrak.