GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Bizkaiko Irekia

Arriak eta Atutxak uste baino errazago irabazi dute

Errezilgoa eta Dimakoa egin beharreko bost probetan nagusi izan ziren, eta amaieran bi minutu eta erdiko aldea kendu zieten Larretxeari eta Garitari

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | BILBO

Arria V.ak eta Atutxa II.ak, irabazi zuten atzo Bilbon, la Casilla kiroldegian jokatu zen Bizkaiko Irekiko finalean. Errezilgoak eta Dimakoak oso erraz lortu zuten garaipena.

Lehian izan den bikoterik gazteenetakoa zen hau, eta azkenik, onenak ere izan dira. Gainera, Errezildarra bere mailarik onenean ikusteko aukera izan da, eta hori ere poztekoa izan da.

Atzokoan bost lan ezberdin egin behar izan zituzten aizkolariek. Hasteko, kolpeka bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, bikote bakoitzeko bana. Txapela jantzi zuen bikoak irabazi zuen proba, gainerako guztiak bezalaxe. 68 kolpetan erdibitu zituen bi enborrak, eta hamabi gehiago behar izan zituzten Garitaonaindiak eta Larretxeak.

Bigarren lanean, erlojuz kontra bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, biko bakoitzeko bana. Errezildarra eta dimoztarra erraz nagusitu ziren. 1.41eko denbora egin zuten, eta 2.18, berriz, galtzaileek.

Hirugarren lanean, Kana-erdiko bat zutik eta beste bat etzanda moztu behar izan zituzten. Galtzaileek hor bazuten aldea lortzeko itxaropena, baina orduan ere galdu egin zuten. 3.46ko denbora egin zuten, eta irabazleek, berriz, 3.25ekoa.

Laugarrenean, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten. Bikotekide bakoitzak, enborraren alde bana. Arriak eta Atutxak 1.53an moztu zuten enborra, eta Garitaonaindiak eta Larretxeak, berriz, 2.12n.

Azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen bikote bakoitzak; irabazleek hor ere ez zuten barkatu, eta lehen zuten aldea handitu egin zuten. 9.47 izan zen beren denbora, eta galtzaileek, berriz, 10.44ko denbora egin zuten. 17 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten Arria V.ak eta Atutxa II.ak lan guztiak burutu ahal izateko, eta 21 minutu eta 20 segundo, berriz, Garitaonaidniak eta Larretxeak.

Binakakoa

Urrezko Aizkorak ez du aukerarik izango, eta orain Binakakoa hasteko prest dago. Azaroaren 18an abiatuko da Mallabian, eta otsaila inguruan izango da finala Azpeitian. Aurten, gainera, inoiz baino bikote gehiago izango dira lehian.

Hauek dira lehiatuko diren bikoak: Arria V.a-Peñagarikano, Atutxa II.a-Larretxea, Rekondo-Mindegia, Barberena-Mugertza I.a, Nazabal-Mugertza II.a, Lopez-Vicente, Senosiain anaiak, Arrospide-Zubiaga, Azurmendi- Ugarteburu, Otaño-Lasa, Txapartegi-Etxebeste eta Olasagasti-Mujika. Lehen jardunaldia Mallabian jokatuko da, eta saio horretan Mindegia-Rekondo Larretxea-Atutxa I.aren aurka arituko dira.

Azaroaren 18an zen jokatzekoa Urrezko Aizkolaririk azkarrena sariketa ere. Tolosan zen izatekoa, eta han jokatuko da, baina ez iragarrita zegoen egunean. Beotibar pilotalekuan arazo batzuk izan dira, eta azkenik, atzeratu beharra izan dute.

Lokotxak

Atzo, La Casillan bertan, jokatu zen mutilen zein nesken lokotx-biltze Txapelketa. Ginezkoei dagokienez, Garmendia nagusitu zen, eta Aristegi, berriz, emakumezkoen txapelketan.Baliarraingoak lehen txapela lortu du, eta Iturengoak, berriz, seigarren aldiz irabazi du lehiaketa.

Gazteenetakoak

Arria V.a eta Atutxa II.a izan ziren lehiaketa honetan aritu diren bikoen artean gazteenetakoak. Hala ere, lan bikaina egin dute txapelketa osoan, eta atzo ere jaun eta jabe izan ziren estreinako lanetik azkenekora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo