GARA > Idatzia > Errugbia

Avironek nahi bezala gainditu du Akize

p044_f02.jpg

AVIRON 27

AKIZE 0

J.L. | BAIONA

Aurtengo Liga hasierako Avironek ez dauka iazkoarekin zerikusi handirik. Iaz zortzi jardunaldi behar izan zituen lehen garaipena lortu ahal izateko. Aurten, bi jardunalditan bi garaipen eskuratu ditu, eta sailkapeneko lehen postuan dago.

Denboraldiko lehen derbia zen atzo Jean dauguer zelaian, aurten, Akize Top 14an baitago. Landesetako taldea Lapurditik oso gertukoa da, eta elkarren arteko neurketak beti derbiak izaten dira. Atzo ere horrelaxe izan zen, horren erakusgarri, harmailek beren jantzirik dotoreena erakutsi zuten.

Lehen zati orekatua

Markagailuak bestelakorik pentsarazi balezake ere, lehen zatia orekatua izan zen. Akizek lehen berrogei minutuetan ondo aritu zen, eta ongi eutsi zien euskaldunei. Baionarrak ahalegindu ziren, baina kosta egin zitzaien zuloak topatzea, eta horrelakoetan zaila izaten da puntuak lortzea. Bi zigor izan zituzten alde, eta Richard Dourthek ez zuen hutsik egin; 6-0 aitzineratu ziren jokalari lapurtarrari esker.

Bigarren zatian, ordea, Landestetako taldeak beherantz egin zuen, eta Avironek sekulako erakustaldia egin zuen. Baloia eskura dotore jokatu zuten; hegalak ongi aprobetxatuz, hiru entsegu heldu ziren, eta garaipen gozoa eskuratu zuten.

Atzokoak gehitzekorik izan baldin bazuen, laugarren entseguaren falta izan daiteke, izan ere hori lortu izan balute, puntu gehigarria ere eskuratzeko modua izango baitzuten. Hala ere, garaipena etxean geratu zen; zuri-urdinek izan duten Liga hasiera hau ikusita, zaleak ametsetan ere hasi dira, nahiz eta mailari eustea den lehenengo helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo