GARA > Idatzia > Osasuna

Bigarren garaipena jarraian nahi du

Denboraldiaren norakoa finka dezakeen partida

Lasaitasuna ziurta dezaketen hiru puntu eskuratzen saiatuko dira gorritxoak. Bigarren garaipena errenkan lortzeko, asteazkeneko hamaikako berbera errepika dezake Zigandak Getaferen aurkako partidan.

p035_f01_199x120.jpg

GARA | IRUÑEA

Asteroko helburua bilatuko du Osasunak gaur arratsaldean, hau da, garaipena. Balio berezia eduki dezake gaurkoak, oraindik lortu ez duen horren bila arituko baita talde gorritxoa; bigarren garaipena errenkan ospatzea, hain zuzen ere.

Getaferen aurkako partidak, gainera, aurretik ematen zuen baino ondorio garrantzitsuagoak izan ditzake, Ligaren lehen herena betetzear dagoela, Osasunak denboraldiak izango duen norakoa nolabait finkatu baitezake. Garaipena lortuz gero, nafarrek zazpi puntuko koltxoia izango lukete Getafek berak mugatzen dituen beherapen postuekiko. Are gehiago, goialdera begiratzeko aukera izango luke talde iruindarrak, batez ere oraindik Sevillaren aurkako partida jokatu behar dutela kontutan hartuta. Behaztopa batek, berriz, sailkapenaren zonalde gorrian utziko luke taldea.

Arantza

Horrela uste du Jose Angel Zigandak ere. Bere esanetan, «gure helburua zein izan daiteken jakiteko egun aproposa da. Irabaziz gero sailkapenaren erdialdean sendotuko gara, baina kontrakoa gertatzen bada, beherantz begiratu beharko dugu».

Entrenatzaile nafarrak argi dauka jardunaldia ez dela erabatekoa izango, denboraldia «oso luzea baita, eta talde guztiok izaten ditugu gorabeherak , baina garrantzitsua izango litzateke asteazkenean izan genituen sentsazioak konfirmatzea, aurten non egon gaitezken eta non egon nahi dugun ikusteko», adierazi zuen.

Gorritxoek, gainera, motibazio berezia izango dute gaur, Valladoliden aurkako partida txarrak utzitako arantza. «Nahiko kaskar egon ginen egun hartan -aitortu zuen Zigandak-. Oraingoan alaitasuna eta sentsazio onak transmititzen saiatuko gara, zaletuek ondo pasa eta taldearekin disfruta dezaten».

Bloke berbera

Entrenatzaile nafarrak, bestetik, Ruiz de Loperan erabili zuen blokea errepikatuko duela aurreratu zuen, errekuperatzeko egun gutxi joan diren arren. «Ondo egon ziren, eta jarraitzea merezi dutela uste dut -azaldu zuen-. Lan handia hartu zuten, baita tentsioari eta adrenalinari dagokienez, baina errekuperatuta egotea espero dut».

Zalantza bakarra, eskuin hegalari dagokio, Zigandak azken unera arte ez baitu erabakiko Juanfranek edo Azpilikuetak jokatuko duen.

Getaferi dagokionez, eta asteazkenean denboraldiko partidarik onenetarikoa jokatu zuen arren, Michael Laudrupek hainbat aldaketa egingo du hamaikakoan. Helburua, madrildarrak beherapen postuetatik atera ditzakeen garaipena eskuratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo