Josu Jimenez Maia
Paul Warfield: izena eta izana elkarrekin doaz
Azaroaren 1ean hil zen Paul Warfield Tibbets, Hiroshima bonbardatu zuen pilotu amerikarra. 92 urte zituela hil da, Ohioko bere ohean. Enola Gay izeneko B-29 hegazkinetik jaurti zuen bonba 1945eko abuztuaren 6an, eta Hiroshimaren gainean lehertu zen, lurretik 580 metrora. Suzko bola zuri bat sortu zuen bonbak, milioi bat graduko tenperatura zuena, baita onddo itxurako hodei mehatxagarria ere. Onddo itxurako hodei horrek lau mila graduko bero izugarrizko izpiak askatu zituen. Bolada erradioaktiboak segundoko 400 metroko abiadura hartu zuen. 140.000 lagun baino gehiago hil zituen. Batzuk beroaren beroaz urtuak. Beste batzuk kiskalita eta ikatz bihurtuak. Beste batzuk gorputz osoa erreta eta azala zauri mingarriz beteta. Adingabeak zein adinduak, gizonezkoak zein emakumezkoak, gazteak zein zaharrak hil zituen berehala, bai eta ume txikiak ere. Boladak etxeetako teilatuak erauzi zituen; eskolak, ospitaleak eta beste eraikinak eraitsi eta den-denak txikitu zituen. Jendea, animaliak, zuhaitzak eta loreak eraman zituen. Kiskalita hil ziren. Abuztuaren 6an, Hiroshima «heriotzaren hiri» bihurtu zuen argazkietan amultsu eta irribarretsu agertu zaigun agureak.
Handik hiru egunetara, abuztuaren 9an, goizeko 11:02an, beste bonba atomikoa jaurti zuten Nagasakin. Eta berehala historia handiko Nagasaki hiri ederra eraitsi zuten. Orduan 70.000 lagun «bakarrik» hil zituzten.
Eta bizirik gelditu zirenek? Bizirik gelditu ziren horiek sufritzen jarraitu zuten. Erradiazioak kutsatutako jendeari hibakusha deitzen zaio japonieraz; hibakusha asko ziren, 400.000 baino gehiago, betiko gaixorik gelditu zirenak. Horietako batzuk oraindik ere gaixorik daude, beren gorputzeko zelulak kaltetuak izan zirelako. Horietako asko eta asko hil dira dagoeneko.
Paul Warfield Tibbets Ohioko bere ohean hil da, sarraskietatik hirurogeita bi urte pasatu eta gero. Argazkietan amultsu eta irribarretsu agertu zaigun agureak ez zuen inoiz damurik erakutsi... Izan ere, nola erakutsiko zuen, bada, damurik, Warfield, alegia, «gudu-zelai» abizena zuen agureak?