«EAJk eta PSEk duten itunaren hanka bat dira aurrekontuak»
Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak, Lakuako Gobernuaren aurrekontuak aztertu ondoren, edukien gaineko elkarrizketak izateko deia egingo dio Idoia Zenarrutzabeitiari. Talde honen ustetan, Lakuak gizarte politika errotik aldatu behar du, eta hala ere, zaila ikusten dute Abiadura Handiko Trena «paradigma» gisa duten aurrekontuetan aldaketak egitea.
Txotxe ANDUEZA |
Nekane Erauskin, Itziar Basterrika eta Julian Martinez Ezker Abertzalea legebiltzar taldeko kideak prentsa aurrera agertu ziren atzo, Lakuako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proiektuaren gainean duten iritzia azaltzeko eta proiektu horren eztabaida prozesuan aurrera eramango duten ekinbi- dearen berri emateko.
Abiadura Handiko Trena da, talde abertzalearen aburuz, aurrekontuen proiektuaren paradigma. Politikoki, «proiektu inposatua da, Madrilen diseinatu dutena; gehiengo soziala eta sindikala kontra azaldu arren, jendarteari informazioa ukatu zaio, herri kontsultak debekatzen eta kontrako jarrera kriminalizatzen saiatu dira... eta hala ere, PSOEk eta EAJk proiektu horren eraikuntzarekin tematuta jarraitzen dute, eta aurrekontu horien `izarra' izango da».
Arlo ekonomikoari dagokionez ere, Idoia Zenarrutzabeitiak aurkeztutako aurrekontuen egitasmoan AHTren eragina ikusten du ezker abertzaleak. Izan ere, bata zein bestea «eredu neoliberalaren ondorio» dira haien ustez, eta «Euskal Herrian egin den proiekturik handienak sekula eragindako kalte ekologiko handienak» eragingo dituela jakin arren, aurtengo aurrekontuetan 533 milioi eramango ditu. Kenketa horrek beste gastuetan eta, batez ere, gastu sozialetan sekulako eragina izango duela salatu zuten Ezker Abertzalea taldeko bozeramaileek.
«Errotik aldatu behar dira»
EAErako Lakuako Gobernuak aurkeztu dituen aurrekontuak «marko autonomiko horren kudeaketara mugatzen dira» ezker abertzalearen ustez. Are gehiago, «politikoki gaindituta eta agortuta egon arren, Ibarretxeren Gobernuak ez du aurrekontu rik egin markoaren aldaketaren bidean».
Horrez gain, ekonomikoki aztertuta, hirukoaren proiektua «dogma neoliberaletan» oinarritzen dela-eta, «sektore publikoak gero eta eragin txikiagoa» duela salatu zuten.
Ondorio gisa, talde abertza- leak nabarmendu zuen 2008rako aurkeztutako aurrekontua «negozio eta interes partidisten proiektua» dela, «EAJk eta PSOEk duten itunaren hanka bat», hain zuzen ere.
Eskua luzatuta
Itun horretan oinarritzen dute, azken urteotan ez bezala, aurten Idoia Zenarrutzabeitiak ezker abertzalearekin biltzeko deialdirik egin ez izana. «Hala ere, aurrekontuen eztabaidan, aurten ere erantzunkizunez jokatzeko asmoa» dugu. Horrek esan nahi du «gure konpromiso programatikoak esku batean izanda, beste eskua luzatuta edukiko dugula hirukoarekin harremanetan jartzeko».
Hori bai, ezker abertzaleak edukien inguruan hitz egin nahi du Zenarrutzabeitia anderearekin eta, hori baino lehen, eragile sozialekin bilduko da « guk ez dugulako negozioan eta interes partidistetan oinarritutako aurrekonturik onartzen».
Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak dituen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urtero 4.000 milioi euro inguru gutxiago biltzen dira «opor fiskalengatik, zergei ihes egiteagatik, iruzurrengatik, edota duela gutxi Irungo Ogasunean gertatutako iruzur motagatik».
Neurri handiko zenbakiak, edonola ere. Hori dela-eta, ezker abertzaleak aurrekontuen eztabaidan diru sarrerak aztertzeko aukerarik ez izatea salatu du.
Bestela ere, «norberak irabazten duenaren eta daukanaren arabera ezarri beharko litzateke ordaindu beharrekoa» adierazi zuen Nekane Erauskinek; baina EAEn ez omen dira zergak horrela erabakitzen, «gehien irabazten dutenek iruzur egiten segitzen dutelako».
Tx. A.