GARA > Idatzia > Futbola

Kopa Seigarren kanporaketa

Genetsek gertuago du talde handi baten aurka jokatzeko aukera

p040_f02_097x096.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Genetsek geroz eta gertuago du Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera. Hori-berdeek 1-3 irabazi zuten Saint Bruno talde amateurraren zelaian, eta zazpigarren kanporaketa jokatuko duen euskal talde bakarra izango da.

Hori-berdeak gogotsu daude aurten, Aviron beraien aurkaririk zuzenena kanporatu ostean. Hori bai, Lehen Mailako talderen baten aurka jokatu aitzinetik, beste bi kanporaketa gehiago ere pasatu beharko dituzte.

Saint Sever Genets baino dezentez talde apalagoa da, eta lapurtarrak aurrera egitera derrigortuta zeuden. Hala ere, kanporaketa hauek partida bakarrera jokatzen dira, eta beti izaten dira arriskutsuak. Norgehiagoka hasi bezain pronto aitzineratu ziren euskaldunak Dubrocak lortutako gol bati esker, baina bigarren zatiaren hastapenean etxekoek berdindu egin zuten. Berehala, ordea, Ipekek bigarren gola egin zuen, eta, azken minutuetan, Sabathierrek egin zuen hirugarrena, sailkapena segurtatuz.

Angeluarrez gain, Biarritz ere seigarren kanporaketan zen, baina 1-3 galdu zuen Merignacekin. Zuri-urdinak Akitaniako Ligako maila nagusian ari dira eta beraiek baino maila bat goragoko talde baten aurka neurtu zituzten indarrak.

Burossek aurretik jarri zituen euskaldunak, baina atsedenera joan aurretik kanpotarrek partida berdindu zuten. Bigarren zatian, berriz, Merignacek bi gol gehiago egin zituen, eta Biarritz kanpoan utzi zuen. Genets, aldiz, hurrengo kanporaketako zozketan izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo