Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon eta Donostian emakumeen aurkako indarkeria leporatuta
GARA |
Gutxienez beste bi emakumek jasan dute azken bi egunetan indarkeria matxista. Ertzaintzak 44 urteko gizona atxilotu zuen igande gauen Bilbon, bere neska-laguna jipoitzea leporatuta. Lakuako Barne Sailak atzo aditzera eman zuenez, erasoa gaueko 23.00ak aldera gertatu zen. Nikolas Alkorta kalean zeuden bi zinpeko guardiak geldiarazi zuten gizona, emakume bati ostikoak eta ukabilkadak ematen ari zitzaiola ikusita. Gertaeren tokira joan eta Er- tzaintzak S.J.I atxilotu zuen bere neska-laguna erasotu zuela onartu ostean.
Bestalde, 54 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak igande iluntzean Donostian, emaztearengana ez hurbiltzeko agindua urratu eta andrearen alde egin zuen beste gizon bati erasotzea leporatuta.
Lakuak jakinarazi zuenez, emazteak lan egiten duen tabernara joan zen atxilotutako gizona 20.00ak alde- ra. Bertan, emazteari garrasika eta mehatxuka hasi zitzaion, taberna eta sukaldea bereizten dituen leihatila batetik. Hori ikusita, emakumearen lankide batek aurre egin zion ustezko erasotzaileari.
Atxilotuak ukabilkada bat eman zion aurpegian eta sudurreko odoljarioa era-gin zion. Lakuak aditzera eman zuenez, tabernan zerbitzuz kanpo ertzain bat zegoen, eta hark erasotzailea tabernatik atera ostean, Ertzaintzari deitu zion atxilotu zezan.
Elkarretaratzea Arrosadian
Bestalde, atzo iluntzean Iruñeko Arrosadia auzoan elkarretaratzea egin zuten joan den astean izandako eraso matxista salatzeko. Auzo horretako ezker abertzaleak deitu zuen mobilizazioa auzokoak pairatu zuen erasoa salatzeko. Erasotzailea atxilotu egin zuten.