GARA > Idatzia > Ikusmira

Mingain urdina, denek aurre egin beharrekoa

Mingain urdinaren gaitza dela-eta, Gipuzkoako eta Nafarroako abelgorri eta ardi aziendak mugitzea debekatu dute herrialdeotako agintariek. Abelgorrien eta ardien azokak ere galarazi egin dituzte prebentzio gisa. Gipuzkoan dagoeneko gaitz honen zenbait kasu agertu dira eta gehiago dauden susmoa dute.

Prebentzio neurriak beharrezkoak eta ulergarriak dira; behar diren kontrol guztiak egin behar dira, abeltzainei hartu beharreko neurriak jakinarazi behar dizkiete eta gaitzaren jarraipena haiekin harremanetan egin behar dute. Horrelako gaitzak abeltzainentzat berez kaltegarriak dira, eta are kaltegarriagoak sortzen duten alarmak kontsumoan izaten duen eraginagatik. Oraingo honetan, gaitzak ez du gizakiarentzako arriskurik, baina kontsumitzailearen mesfidantza piztu du, edo prebentzioa behinik behin, eta ondorioz, kontsumoak behera egin dezake. Horregatik funtsezkoa da, ahal den heinean, gaitzari aurrea hartzea.

Zalantzarik gabe, administrazioek kontsumitzailea babestu behar dute, batez ere osasunari dagozkion kontuetan, baina abeltzaina ahaztu gabe, eta mingain urdinaren gaitzak berak edo bere ondorioek eragindako kalteei aurre egiten lagundu beharko liokete, sektorearentzat izan litekeen kolpea ahalik eta txikiena izan dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo