Hitz egiteagatik auzipetu dituztenen errugabetasuna berretsi du fiskalak
EAEko Auzitegi Nagusiak Juan Jose Ibarretxe, PSEko Patxi Lopez eta Rodolfo Ares, eta ezker abertzaleko Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena eta Olatz Dañobeitiaren aurka abian jarritako epaiketan, Fiskaltzak auzipetu guztiak absolbitzeko eskatuko du. Espero bezala, egindako bileretan ez zela deliturik egon uste du, eta ordezkari politikoak errugabeak direla berretsi du.
GARA |
Roberto Saiz Instrukzioko epaileak, joan den urriaren 30ean, auzipetutako zortzi ordezkari politikoen kontrako ahozko epaiketa egin beharra zegoela erabaki zuen, desobedientzia egin zutela pentsatzeko «zantzu nabarmenak» daudela argudiatuta. Epailearen arabera, Batasuna legez kanpo utzi zuen Auzitegi Goren espainolaren epaia urratu zuten auzipetuek.
Hiru eguneko epea eman zion Fiskaltzari, eta hamarrekoa defentsei, auto horren inguruko idatzi bat aurkezteko, eta atzo ezagutarazi zuen Fiskaltzak be-re behin-behineko ondorioen txostena.
Fiskalak auzipetu guztientzat absoluzioa eskatuko du. Bere aburuz, ezker abertzaleko kideekin bilerak egitea ez baita delitua, eta «errugabeak» dira.
Are gehiago, bere esanetan, desobedientzia kargua leporatzeko batzartutako politikariek horretarako «borondatea» izan behar dute eta, kasu honetan, ez dago beren asmoa hori zela pentsatzeko zantzurik.
EAEko fiskal buruak Ibarretxe eta PSEren zuzendaritzako ki-deak ezker abertzaleko ordezkariekin elkarrizketatu zirenean ETAren su-etena zegoela ere aipatzen du, eta horrenbestez, batzar horien helburua «bakea lortzea» zela esaten du.
Fiskaltzak erakutsitako jokabidea aurreikus zitekeen. Izan ere, epaileak auzipetutako zortzi politikariak deklaratzera deitu zituenean ere halatsu jokatu baitzuen: deliturik ez zegoela eta epaiketarik ez zela egin behar defendatu zuen.
Zigor eskaerak
Ezker abertzaleko bost kideei desobedientzia delitua leporatu die epaileak, legez kanpo egon arren Batasunaren jardunari jarraipena ematea egotzita. Ibarretxeri, Lopezi eta Aresi, berriz, desobedientzia delitua egiteko ezinbesteko laguntza ematea.
Herri akusazioen eskaerak ere jasota daude Roberto Saiz epailearen autoan: Otegiren aurka lau urteko espetxea eskatzen zuen, bina Petrikorenarentzat eta Etxeberriarentzat, eta bana Barrenarentzat eta Dañobeitiarentzat. Ibarretxeren aurka, aldiz, bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe eskaera eta kargu- gabetzea, eta Lopezi eta Aresi bederatzi hileko espetxe zigorra eta kargugabetzea. Auzipetutako lau ordezkari politiko gaur egun espetxean daude: Otegi, Dañobeitia, Etxeberria eta Petrikorena, hain zuzen ere.