GARA > Idatzia > Kultura

Trikitixa Jaialdiak soinu mota ezberdinak gerturatuko ditu Donostiara

«Nazioarteko izaerari» eutsiz eta «soinu mota desberdinak» aurkezteko xedez, Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren seigarren edizioak lau herrialdetako gonbidatuak ekarriko ditu Donostiara. Hitzordua datorren larunbatean izango da, azaroaren 10, Kursaalen eta besteren artean, Simone Bottasso eta BOuTONS taldea izango dira bertan.

p047_f01_203x108.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Seigarren urtez Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Nazioarteko Trikitixa Jaialdia antolatu du. Datorren larunbatean hortaz, azaroaren 10, Donostiako Kursaaleko Ganbara Aretoa soinu doinuekin jarriko da dantzan arratsaldeko zazpietatik aurrera. Jaialdia Maider Segurolak aurkeztuko du.

Trikitixa Elkarteko Agurtzane Aizpururen arabera bi dira aurtengo helburuak: «Nazioarteko izaerari eutsi nahi diogu, eta soinu mota desberdinak aurkeztu nahi ditugu». Horiek hala, soinu kromatikoak, bandoneoia eta ilara bakarreko, biko eta hiruko soinu diatonikoak izango dira Donostian.

Taldeei erreparatuta, Euskal Herritik kanpo beste lau herrialdetako musika ezagutzeko aukera izango da; Mexiko Berria, Italia, Belgika eta Katalunia.

Mexiko Berritik Ken Keppeler eta Jeanie McLerie izango dira jaialdian. Aizpururen hitzetan, «tradiziotik jasotako Estatu Batuetako hego-mendebaldeko musika» egiten dute. Bikote honen ibilbidea oso oparoa da, 20 bat urte daramatzate musika egiten eta ikerketa ugari ere egin dituzte. Biak dira musikari profesionalak eta 70. hamarkada erdialdean egin zuten topo. Quebecen oso ezaguna den ilara bakarreko soinua jotzen du Keppelerrek, «oso oinarrizkoa den soinua», hain zuzen. Jeanie McLeriek bere aldetik, biolina jotzen du. Keppelerrek hiru ilarako soinua ere jotzen du.

Italia iparraldetik Simone Bottasso gaztea etorriko da. Honek formazio anitza du Aizpururen hitzetan, eta hiru ilarako soinua jotzen du. Besteren artean, soinu diatoniko, inprobisazio eta Balkanetako musika ikasketak ditu, eta 1998an hasi zen kontzertuak ematen Cuneoko gazte talde batekin, dantzarako musika eginez.

Vienan sortutako bikotea da atzerritik etorriko den azken taldea: BOuTONS. Marinette Bonnert belgikarrak eta Pere Romaní kataluniarrak osatzen dute taldea. Beren errepertorioa Kataluniako eta Belgikako herri musikekin hasten da, eta akordeoi diatonikoaren beste hainbat ildo tradizionalek osatzen dute. Orain dela gutxi argitaratutako CD bat ere badute kalean, «21 BOuTONS» izenekoa hain zuzen ere.

Lau izango dira Kursaalen joko duten Euskal Herriko bikoteak. Lehenak Ospas eta Janire izango dira. Ospas ezaguna da jada Euskal Herriko trikitilarien artean, are gehiago 2004an Kursaalen bertan omenaldia jaso eta gero. Bitoriano Loiolak, Ospas, bizi den Mendaroko baserritik hartu zuen ezizena, eta Janire bere bilobarekin batera egongo da taula gainean. 81 urte dituen gizon honek txiki-txikitatik jotzen du soinua bere kasa ikasi eta gero.

Tangoa

Jexux Aranburu eta Ruben Caballero bikoteak bestelako ikuskizuna eskainiko du. Aranburuk Argentinako soinua joko du, bandoneoia alegia, nahiz eta akordeoia eta pianoa ere jotzen dituen. Ruben Caballerok gitarra elektrikoa joko du. Bandoneoia teknikoki oso instrumentu berezia, eta «sorkuntzarako oso interesgarria» dela adierazi zuen Aranburuk. Bestalde,tangoa eta herri-musika uztartuko dituztela gaineratu zuen musikariak.

1994an sortutako Kristina eta Amaia bikoteak ere, lau urteko geldialdiaren ostean, berriz ere elkarrekin lanean hastea erabaki du. Jaialdiaren aurkezpenean esan zutenez, ahotsek presentzia handia izango dute beren emanaldian eta erromerietako soinua eskainiko dute. «Oso kantu melodikoak eta erritmikoak joko ditugu», azaldu zuen Kristina Solanok. Lapurdik ere izango du ordezkaririk Gipuzkoan, Kiki Borda eta Sebastian Othabururena alegia. Hauek dantzaren arloan aritzen dira lanean batez ere, eta ez dira gutxi alaitu dituzten dantzaldiak. Iparraldeko dantza errepertorioa ezin hobeto ezagutzen dute eta akordeoi eta biolin doinuak uztartzen dituzte.

SARRERAK

Sarrerek 15 euro balio dute, 10 euro Trikitixa Elkarteko bazkideentzat. Kursaalen eta Donostiako Elkar Megadendan eros daitezke, baita Trikitixa Elkartera deituta (943 83 28 28) edo trikitixa@trikitixa.net-era idatziz ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo