Emakumezkoak
ASB taldeko neskek partidak irabaziz jarraitzen dute
Lapurtarrak Lehen Mailako lehen postuan daude, eta neurketa guztietan lortu dute puntu gehigarria
Jon LEUNDA | BAIONA
ASB Baionako nesken taldeak Lehen Mailako hirugarren multzoko lehen postuan jarraitzen du jokatutako partida guztiak irabazi ostean. Iaz, Top 10era igotzea lortu zuten, baina azken orduan fedederazioak hartutako erabaki arraro batek berriro ere Lehen Mailan utzi zuen talde berde-morea.
Erabaki horrek ez ditu kikildu, eta berriro ere Top 10a buruan dutela abiatu dira aurten. Herenegun, astindu ederra eman zioten Valettais taldeari, 5 eta 36 irabazita. Etxekoek entsegu bat egin zuten, baina lapurtarrek sei entsegu eta hiru transformazio gauzatu zituzten. Garaipenaz gain, puntu gehigarria ere lortu zuten. Uneotan lehen postuan daude 15 punturekin.
Liga Federala
Liga Federalean, Lehen Mailan, Maulek eta Nafarroak irabazi egin zuten, eta Donibane Lohizunek, berriz, galdu. Maulek lan asko eginda gainditu zuen Flerurance, sailkapeneko azkenekoa, 31 eta 15. Mailari eusteko borrokan aurkari zuzena menderatu zuen Zuberoako taldeak, eta balio handiko garaipena eskuratu zuen. Maule laugarren dago 8 punturekin.
Seigarren multzoan, Nafarroak, 12 eta 10 irabazi zion Mielani. Emaitzak erakusten duen moduan asko kostatako garaipena lortu zuen. Iturririak hiru zigor-kolpe egin zituen, baita drop bat ere.
Donibane Lohizunek, aldiz, 20 eta 17 galdu zuen Tyrossen zelaian. Garaipena gertu izan zuten, baina azken unean ihes egin zien. Labrouchek bi entsegu egin zituen, eta Elizondok bi transformazio eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen.
Donibane Lohizunek bi postu egin ditu atzera, eta orain hirugarren jarri da. Talde lapurtarrak 13 puntu ditu. Nafarroak, berriz, azken garaipenari esker, goruntzako bidea hartu du eta azken postua uzteko modua egin du; orain zazpigarren dago lau punturekin.