GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Alderik alde zeharkatuta

Oharkabe edo propio, aurretik pentsatuta edo ez, amatasunak edo amatasun ezak zeharo baldintzatzen du emakume guztien bizimodua. Alderik alde zeharkatzen ditu euren bizitzak

Edelvira haurdun gelditu da eta, ondorioz, lana galdu du. Datorrena bosgarren seme-alaba izango da. Aurreko laurak Kolonbian bizi dira amamarekin. Egia esan, Micaela da umeekin egiatan arduratzen dena, hamazazpi urteko alaba nagusia.

Micaelak oraindik ez daki beste neba bat edo ahizpa bat edukiko duenik martxo aldera. Edo apirilean. Edelvirak ez daki zehazki noiz izango den erditzea. Jakin dakien bakarra da Antonio Eduardo ez duela maite eta lanpostua galduko duela, doña Carmenek ez duelako nahi ume txikirik etxean. Eta doña Carmenek ere sentitu izan du galera, primeran moldatzen baita Edelvirarekin etxean, kalean, merkatuan. Biak bakarrik ibiltzen dira leku guztietan. Bata nagusi eta bestea neskame, eta konfidente ere bai, konplize, bidaide. Orain Edelvira haurdun gelditu da eta amaitu da bidea konpartitzea, ume txikirik ez duelako behar doña Carmenek etxean.

Umeak baino ez daude Safiya bizi den auzoan. Umeak nonahi daude Sokoto herrian, Afrikako beste edozein herritan bezala. Ume bat gehiago zer axola du, izan ere. Ume bat gutxiago ere, ez du axola, hamar umetik batek ez duelako lortuko bost urte betetzea. Eta hamarretik beste bik ez dute hogeita hamar urte beteko. Safiyaren umea martxo aldera jaiotzekoa da eta izate hutsagatik heriotza-zigorrera kondenatu du ama, Safiya ez dagoelako ezkonduta umekiaren aitarekin. Horrela erabaki du Sokoto Epaitegi Islamikoak. Plazan jarriko dute herrikide guztien begibistan eta gizonezkoek harrikatuko dute Safiya, burua estalita duela. Hil arte harrikatuko dute. Legearen kontuak. Egundokoak eta bi egin dituzte Nekanek eta Aitorrek ume bat edukitzeko etxean. Medikuaren aholkuak, botikak eta hormonak, lagunduriko ugalketaren saioak eta, azkenean itxaron zerrendan eman dituzte izenak, psikologoen hamaika galdera intimori erantzun ondoren.

Bi urte eta erdiko haurdunaldia izan da Nekanerena, baina merezi izan duela pentsatzen dute, batez ere Garazi Mai Li-ren begi mehe-luzeak ikusten dituzten bakoitzean. Harritzekoa da zenbateko argitasuna eman dezakeen ume baten irribarreak, esaten diote elkarri, etxe osoa argitzen du eta.

Gure gazteei ondo irakatsi diegu nolako metodoak erabili behar dituzten umerik ez egiteko nerabezaroan, tragediatzat hartzen baitugu hamabost urteko neskatxa haurdun gelditzea. Aurrerago, ordea, umerik egin gabe segituko dute hogeita hamar urtetik gorakoak izanik, inoiz ez baitute ikusten une egokirik umegintzan hasteko. Ikasketak egin, hizkuntzak ikasi, masterra, doktoregoa... ondoren dator etxebizitza topatzea. Umeak egitea gerorako proiektua da, bai, programatuta dago noizbait egitea baina, praktikan, nekez topatuko du lekurik organigraman.

Oharkabe edo propio, aurretik pentsatuta edo ez, amatasunak edo amatasun ezak zeharo baldintzatzen du emakume guztien bizimodua. Alderik alde zeharkatzen ditu euren bizitzak. Eme. Ama. Ume. Eme.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo