GARA > Idatzia > Kultura

Antzezlearen itsu-itsuko lehenengo hitzordua

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Antzezlea: Nola aurki zaitzaket? Pertsonaia: Nire bihotza ulertzera eramango zaituzten galdera zuzenak egin behar dizkidazu. Antzezlea: Baina nola uler dezaket zure bihotza, sentimendurik gabeko hitzez betetako gidoi mardul bat besterik ez badut?

Pertsonaia: Hitz artean begiratu behar nauzu. Nire ekintzek eta besteek nitaz esaten dutenak nitaz hitz egingo dizute.

Antzezlea: Hori guztia begiratu dut, baina nola sor zaitzaket? Nola eman diezazuket bizitza? Nola izan naiteke zu?

Pertsonaia: Galdera zuzenak eginez.

Antzezlea: Baina nondik hasi... Milaka galdera egingo nizkizuke...

Pertsonaia: Ez. Galdera bakarretik hasi behar duzu, zehatz batetik abstraktu oso bat sortu ahal izateko.

Antzezlea: Eta gai ez banaiz?

Pertsonaia: Hala bada, hobe izango duzu ni hitz artean uztea.

Antzezlea: Ez. Nik bizitza eman nahi dizut. Nire gorputza, nire ahotsa eta nire arnasa eman nahi dizkizut.

Pertsonaia: Orduan, nireganako atea ireki beharko duzu.

Antzezlea: Nola ordea? Hitz multzo bat besterik ez zara niretzat. Nire jokamolde desberdinak dituen paperezko fikzio bat...

Pertsonaia: Zu zeu bezalakoxea.

Antzezlea: Ez, ez da gauza bera. Ni hezur eta haragizkoa naiz. Bizitzan ikasitako jokabidez eta berezko jokabidez betetako pertsona bat. Nola alda ditzaket nire jokabideak, orri multzo batean idatziak dauden beste ezezagun hotz batenak bereganatzeko?

Pertsonaia: Galdera zuzenak eginez.

Antzezlea: Badakit, idazleak zutaz idatzitako ezaugarriak irakurriko ditut: Harroa. Handiustea. Koldarra...

Pertsonaia: Ez niri horrelakorik esan!

Antzezlea: Idazlearen hitzak dira.

Pertsonaia: Idazlearenak? Bere bizitza aspergarritik ihes egiteko bere idazmakinaren aurrean fantasiazko munduak asmatzen ematen zuenarenak? Zer demontre jakingo ote zuen koldar horrek nitaz!

Antzezlea: Zure aita da. Eskerrak eman beharko zenizkioke bizitza emateagatik.

Pertsonaia: Bizitza eman? Bizitza kendu esan nahiko duzu. Hizkiz betetako orri bilduma batean preso utzi ninduen betiko. Zu bezalako mozolo batek bertatik noiz aterako zain egotera kondenatua.

Antzezlea: Mozoloa, ni?

Pertsonaia: Bai. Mozoloa. Tentela. Atzeratua... Galdera zuzenak egingo dizkidazu edota modaren arabera bizitza hartzen duen maniki hil bat izatera kondenatuko nauzu berriro?

Antzezlea: Horrelakoak esaten badizkidazu, ez dizut nire azalean sartzen utziko.

Pertsonaia: Nahiago dut hildako eskultura bat izan, antzezle txar baten azalean egotea baino.

Antzezlea: Antzezle txarra, ni? Orain ikusiko duzu ni nor naizen!

Pertsonaia: Primeran! Galdera zuzenen bideari hasiera eman diozu. Maukak jaso eta has gaitezen eskuz esku lanean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo