GARA > Idatzia > Kultura

Jon Arano: «Ez dago zerurik gabeko ifrentzurik, ezta alderantzizkorik ere»

p052_f03_88x124.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Orain artean ifrentzuari erreparatu diola-eta, zerura begira jarri da Jon Arano idazlea bere azken poesia liburuan, «Zeruak eta ifrentzuak» hain zuzen ere. Joseba Jaka V. Literatura Beka jaso ondoren egin du hamasei bat urtetan «poesiari dedikazio berezirik» eskaini gabe egon ostean.

Izan ere, Aranok 1992an argitaratu zuen bere azken poesia liburua, «Hitz Etena» (Susa), eta ordutik bestelako egitasmoetan egon da lanean; besteak beste, Kantillape, Goierritarra eta Ostiela aldizkarietako sorkuntza lanetan. Aurretik beste bi poesia liburu ere argitaratuak ditu: «Bileterik gabe» eta «Malezia Sorta».

Elkarreko Antxine Mendizabal editoreak liburua «ederra zein mingarria» dela argitu zuen orain gutxi Donostian egindako aurkezpenean. «Sentiberago eta minberago sumatu dut nik Jon oraingoan. Hizkera propioa eta berezia ere erabili du», gaineratu zuen editoreak.

Jon Aranok berak argitu zuen «Zeruak eta ifrentzuak» egiteko «edukiei eta idazteko moduari erreparatu » diola batez ere. Hala ere, Itsasondon jaiotako idazleak idazteko modua ez du aldatu, nahiz eta «kaleko hizkera» erabili duela aitortu.

Azken liburua argitaratu zuenetik joan den denbora mordoa ikusita Aranok esan zuen ez zuela «edozer gauza» kaleratu nahi, berridatzi baizik, «eta lortu dut», argitu zuen.

Horiek hala, liburuan askotariko poemak aurki daitezke: «Infernurako poema gorri-beltzak, purgatoriorako moduko neutroagoak edota paradisurako izan daitezkeen arrosa urdin argiak. Liburu osoan ironia dago pil-pilean, baita zinismoa ere. Beste poema batzuk badaude xaloak eta otzanak. Desertuko predikaria bezala ikusten dut neure burua. Profeta bat bezalakoa naiz, baina pailazo sudurrarekin».

Entzun, Aranoren aditza

Tere Irastortza idazlea ere gerturatu zen Donostiako aurkezpenera, eta berak esandakoaren arabera, Aranoren liburua irakurrita aditz bat aukeratu beharko balu, entzun aditza erabiliko luke «bere poemak entzutekoak baitira».

Aranok Joseba Jaka V. Literatura Bekari esker beste liburu bat ere bukatu duela argitu zuen, eta aurki kaleratuta ikusi nahiko lukeela ere gaineratu zuen.

Fitxa

Izenburua: «Zeruak eta ifrentzuak». Egilea: Jon Arano. Argitaletxea: Elkar. Saila: Poesia. Orrialde kopurua: 124. Salneurria: 12,60 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo