GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Iñaki Uria Kazetaria

Injustizia UPV-EHUn

Zergatik aukeratu behar dituzte Espainiako katedradunek Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak?

Bidegabekeria baten lekuko gertatu nintzen duela hamar egun UPV-EHUko Filosofia fakultatean. Katedra posturako zegoen hautagai bakarra atzera bota zuen epaimahaiak, nahiz eta hautagai doktorearen merezimendu, curriculum eta dozentzia proiektuak epaimahaikoenak baino handiagoak izan.

Gai hauetan afizionatua baino ez izan arren, berehala begitandu zitzaidan epaile katedradun espainiarretatik bik ez zutela gaiaren inguruan neurea baino ezagutza handiagorik. Hau da, hutsaren hurrengoa. Beste biri, ustez gaia ezagutzen zutenei, gehiago ikusi nien zerbait esan eta galdetu beharra, aldez aurretik hartutako jarrera justifikatze aldera. Bozketa, lau baten kontra, sustengatzeko puntuaketa publiko egin zenean ohartu nintzen injustiziaz gain seguru asko delitu bat ere gertatu zela gela hartan geunden guztien begien aurrean: prebarikazioa. Lau katedradun horiek bazekiten katedrarako hautagaia gai zela bere gaian, katedra hori merezi zuela, ez zegoela hoberik eta, gainera, nazioarteko errekonozimendua duela bere gaian. Eta hala ere atzera botatzea erabaki zuten Espainiatik etorritako lau katedradun horiek eta, bide-batez, UPV-EHUko Filosofia fakultatea katedra hori gabe uztea.

Epaimahai berberak, Larrazabal jaunaren lehendakaritzapean Acero, Bustos, Selles eta De Lorenzo jaunek osatutako boskoteak, bigarren aldiz kontsumatu du bidegabekeria bera. Nola? Duela bost urte, Aznarren bigarren agintaldiko erasoaldian (Egunkariaren itxiera, etab.), epaimahai honek berak atzera bota zuen hautagaia, lau baten kontra, nahikoa merezimendu ez zuela argudiatuz. Unibertsitateari jarritako helegiteak bere bidea egin zuen eta, agerian geratu ondoren, probak errepikatu behar zirela erabaki zuten, unibertsitateak lehenik eta justizia auzitegiak gero. Eta epaimahai akademikoak bete du justizia epaileak agindutakoa: bildu da eta epaitu du berriz. Berriro kontsumatu du bortxaketa bortxatzaileak. Nahiago izan du injustizian sakondu, duela bost urte egindako maltzurkeria aitortu eta bidegabekeria bideratzen hasi baino.

Justizia epaileak seguru asko esango du prozedurak bete direla eta bera ez dela nor eduki akademikoetan epaitzeko. Nork esan behar du gertatutakoa bidegabekeria dela? Euskal Herriko Unibertsitatea izena duen UPV-EHU erakundeak nire ustean. Ez dakit errektore jaunari dagokion gaia den zuzenean, baina azken ardura, seguru, berea da. Berari dagokio Unibertsitatea gobernatzea, eta bera izango da lehena eraginkortasuna eta kalitatea bermatzeko asmoan. Unibertsitatearen kanpotik begiratuta, ez dirudi oso eraginkorra denik duela bost urte bete behar zen katedra bat oraindik orain bete gabe izateak. Prozedura horretan xahututako diru publikoak alfer-alferrikakoak izan dira ezbairik gabe. Kalitatearen ikuspegitik begiratuta, ez du kalitatearen bermerik ematen epaimahaia interes ezkutuez jantzitako katedratikoz osatzeak. Are eta gutxiago gaiarekiko hauen ezagutza zalantzazkoa denean, nahiz eta katedratiko hauek Espainiatik ekarriak izan.

Eta hona iritsita, ezinbestekogaldera: zergatik aukeratu behar dituzte Espainiako katedradunek Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak? Seguru nago ingelesak, amerikarrak, poloniarrak edo alemaniarrak izan balira epaimahaikoak, gaian adituak eta, jakintzarekin, egiarekin eta etikarekin konprometituak, Kepa Korta doktore jaunak beteko lukeela gaur egun UPV-EHUk indarrean izango lukeen katedra hori.

Bitartean, nazioarteko lehen mailan jarraituko du katedra ezartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo