GARA > Idatzia > Zinema

Betizuen trilogia osatzen duen film berria zinema aretoetan

«Betizu eta Xangaduko Misterioa» filmaren jarraipena da Egoitz Rodriguezek zuzendu duen lan berria, eta adiskidetasunak bizitzan duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Gaur bertan estreinatuko dute Baleukok ekoitzitako filma Euskal Herriko hiriburuetako zinema aretoetan.

p060_f03_98x154.jpg

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Betizu, Betisuis, Eme-U, Bull, ikerlaria, Mamu eta Xanuak, ETBko pertsonaia ospetsuak, bueltan dira berriz. Izan ere, gaur bertan estreinatuko dute euskaraz «Betizu eta Urrezko zintzarria» film luzea Euskal Herriko hiriburuetako zinema aretoetan. Egoitz Rodriguez Oleak zuzendu duen marrazki bizidunen lan berria da eta «Betizu eta Xangaduko Misterioa»-ren jarraipen zuzena da. Rodriguezek berak azaldu duen bezala, ««Betizu eta Xangaduko Misterioa» filman zeharka agertu ziren hainbat istorio sakondu dugu». Esate baterako, aurrekoan zientzialaria zeharka agertu zen eta oraingo honetan Mamu izeneko zientzialaria film osoan zehar azaltzen da.

Betizuen filmek antzekotasun handia badute ere, aurrekoarekin alderatuta, desberdintasun nabarmenak daude. Oraingo honetan Betizuak Urrezko Zintzarriaren misterioan murgilduko dira. Urrezko zintzarria jotzea lortzen duenak espezie osoa bere menpe izatea lortuko du. Helburua lortzeko asmoz, Betizuek pertsonaia ugarirekin topo egingo dute, hala nola, Mamu zientzialari zoroarekin. Honez gainera, pertsonaia desberdinen adiskidetasuna lortuko dute.

«Betizu eta Urrezko Zintzarria» filman, Betizuak abentura arkeologiko baten barne topatuko ditugu, leizezuloetan sartuta proba desberdinak gainditu beharko dituzte desiratutako helburua lortzeko: urrezko zintzarria, alegia.

Mezuari dagokionez, Egoitz Rodriguezen esanetan, «kasu honetan balore bakarra aukeratzea erabaki dugu, adiskidetasuna. Aurrekoan balore ezberdinak aipatu ziren. Hori dela eta, Betizuek adiskidetasunak gizartean duen garrantzia ikasiko dute. Adiskidetasunak zer suposatzen duen erakutsi nahi izan dugu. Horretarako pertsonaia gaiztoen eta zintzoen arteko bereizketa garbia egin dugu. Gaizto nagusia Mamu zientzialaria da, eta harekin borroka egin beharko dute Betizuek. Zientzialari hau beti bakarrik dago, lagunak izan beharrean menpekoak izan nahi baititu. Zintzoen artean, aldiz, pertsonaia ezberdinak daude: lan taldean aurrera egiten dutenak edota gaiztoa izan ez arren bakarrik ibiltzea nahiago dutenak. «Azkeneraino iristeko adiskidetasunak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dugu, bizitzan gertatzen den moduan. Lagunik gabe zenbait unetan ezin baitugu aurrera egin».

Lantaldeari dagokionez, aurreko filmetan gertatu zen bezala, nahiko zabala izan da eta 30 pertsona inguruk osatu dute.

Baleuko ekoiztetxeak azken urteotan animazio alorrean hainbat film ekoitzi ditu: «Olentzero gabonetako ipuina» eta «Betizu izar artean» animazioko film luzeak 2003 urtean. Urtebete geroago, «Unibertsolariak munduaren ertzaren bila» eta «Olentzero eta subilaren lapurreta» animazioko film luzeak aurkeztu zituzten. Azkenik, iaz «Betizu eta Xangaduko misterioa» animazioko film luzea estreinatu zuten.

Gainontzeko lan taldea mantendu bada ere, film berriak hainbat berrikuntza ekarri ditu. Horietako bat kanten hitzen egilea da, izan ere, Julen Gabiriaren esku egon da eta aurrekoan, aldiz, Xabier Amuriza bertsolariak idatzi zituen. Musikari dagokionez, kanta gehienak Kukuma taldeko abeslaria den Pottoki-k kantatu ditu.

Datuei erreparatuz gero, 1.200 plano baino gehiagoz osatuta dago filma eta 65 minutuko iraupena du. Zuzendariaren hitzetan, «pelikulak oso erritmo azkarra dauka eta hori lortu ahal izateko lau edo bost lan talde sortu genituen eta ondorioz, montaia paraleloa egin genuen; horrek lan prozesua azkarragoa izatea eragin zuen».

Betizuzaleek ezagunak suertatuko zaizkien pertsonaiak topatuko dituzte. Horien artean Betizu, taldeko burua, Betisuis, suitzar jatorriko behi lodia; Marroi, euliz inguratuta bizi den behia eta ikertzailea, Marroiren lankide dena. Honez gainera, Mamu izeneko behi argal eta zaharra ere topatuko dugu, bera ere Urrezko zintzarriaren bila ibiliko baita abenturan zehar.

Estreinaldia

Zuzendaria: Egoitz Rodriguez.

Zuzendari artistikoa: Ivan Oneca.

Gidoilaria: Egoitz Rodriguez.

Muntaia: Alazne Potu.

Herria: Euskal Herria, 2007.

Iraupena: 65 minutu.

Generoa: Animazioa 3D.

«Betizu eta urrezko zintzarria» euskaraz ekoitzitako azken film luzea

Euskaraz ekoitzitako film luze hau ETBko Betizu Klubeko kideei zuzenduta dago, nahiz eta bertako kide ez direnek ere harekin gozatu. Euskaraz soilik ekoitzi izanak ikusle kopurua murriztea ekar badezake ere, Rodriguezen ustez «gure filma gehienbat Euskal Herriko umeentzat egina dago. Banaketari dagokionez, Egoitz Rodriguezen arabera, «azken film honek ez du epe oso finkoa (Olentzeroren kasuan gertatu zen bezala) eta horrek iraupen luzeagoa edukitzea eragiten du». Honez gainera, nahiz eta historia euskaraz izan, kanpoan saltzeko aukera badago, ez baitu kokaleku zehatzik.

Gaurkoa ez da, ordea, Betizuak Euskal Herrian ikusteko lehenengo aukera izango. Iragan den ostiralean, azaroaren 2an, Donostiako beldurrezko zinema jaialdian ere ikusteko aukera egon baitzen. Aurreko filmen harrera berdintsua edukiko duela uste du Egoitz Rodriguez zuzendariak.

Hiru film egin ostean, Betizuak pertsonaia oso ezagunak bilakatu dira Euskal Herriko gaztetxoentzat. Telebistako saioan egin zituzten beren lehenengo urratsak eta bertan edukitako arrakasta ikusita, telebistatik beste arloetara salto egin zuten, haien inguruan merchandising mundu zabala irekiz Baleuko ekoiztetzearen eskutik. Ekintza horien artean «Betizu Kluba» sortu zuten 2003. urtean eta baita 50.000 bazkide lortu ere. Honez gainera, Betizuen musika CDak eta baita jolasak ere topa daitezke.

Zinema munduan, 2003. urtean Betizuak protagonista zituen lehenengo film luzea aurkeztu zuten, «Betizu izar artean» izenburua zuena, eta 2006. urtean «Betizu eta Xangaduko misterioa», biak Egoitz Rodriguezek egindakoak. Oraingo film honek emango dio amaiera trilogiari, aurrekoetan ez bezala, bukaera biribilduta eta ildo guztiak itxita daudelako.

Itziar PEREZ

ZUZENDARIA

Egoitz Rodriguez (Galdakao, 1978) zuzendariak, besteak beste, «Betizuak izar artean» eta «Unibertsolariak» filmak egin ditu. Betizuen azken abenturak emango dio amaiera trilogiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo