Eva Forest, emakume baten kalitatea
Ezaguna da oso Eva Forest. Ezaguna argitaratzaile gisa, edo nazioarteko elkartasunari, torturaren kontrako borrokari... lotutako bere lan militantea dela-eta. Ezaguna da baita idazle gisa ere, batez ere berak «premia biziko literatura lan» izendatu zituen horiengatik. Eta ezagun egin zuten arlo eta alderdi horiek guztiak bezain kalitate handikoa zen bere arlo literarioa, literatura zentzurik hertsienean ulertuta ere. Eva Foresten alde ezezagun horren gaineko jardunarekin amaitu ziren atzo Alfonso Sastre Kultur Elkarteak urtero egiten dituen eztabaida jardunaldiak, aurten Foresten alderdi horiek guztiak aztertzeko helburu bakarra zutenak. Alfonso Sastre bera, Santiago Alba filosofoa eta Esther Zorrozua idazle eta kritikariak ez zuten zalantza izpirik agertu Foresten literatura-obra goi mailakotzat jotzeko. Adituen hitzak izateaz gain, beraien baieztapenak berresteko aukera ere izango dute irakurleek zorionez, Hiru argitaletxeak idazle zendu berriaren argitaragabeko hiru obra argitara eman baititu oraindik orain. Alfonso Sastrek esan zuenez, oso liburu garrantzitsuak dira; hala ere, «Evak utzi izan ez bagintu, ez ziratekeen argitaratuko, berak ez baitzuen bere literatura-gaitasunarekin arreta emateko interesik». Ondoen ezagutzen zuen pertsonak jakinarazi zuen jarrerak emakume horren kalitatea handitu baino ez du egiten.