Sarekada salatzeko eta independentzia aldarrikatzeko manifestazioa Donostian
Donostiako sarekadaren karietara, hainbat gazte independentistek manifestazioa antolatu dute biharko. Independentziaren proiektu politikoa kolpatzeko estrategiatzat jo zuten polizia operazioa, eta ondorioz horren aldarria han eta hemen zabaltzeko deia egin zuten.
Gari MUJIKA |
Joan den astean hasi eta egunotan segida izan duen Donostiako polizia operazioaren haritik, independentziaren proiektuarekin bat egiten duten gazteen kriminalizazioa eta atxilotzea bilatzen dutela salatu zuten atzo hainbat gazte independentistek. Hala, atxiloketa horiek salatzeko asmoz manifestaziorako deia egin dute bihar, 17.00etan, Donostiako Artzain Onetik. Independentziaren aldarrikapenarekin bat egin, eta bertaratzeko deia egin zuten.
Ibaetako campusean egindako prentsa agerraldian, hainbat gazte independentistek gogor gaitzetsi zituzten Donostiako azken atxiloketak. Donostia «gerra propagandaren kokaleku nagusi» bihurtu izana eta «bortizkeriaren inguruko espektakulu mediatikoei» bide ematea onartezintzat jo zuten.
Hala, atxiloketek ere sakoneko inposaketa bati erantzuten dioten ziurtasun osoa agertu zuten: Izan ere, Estatu espainolak eta frantsesak «beren konstituzioekin eta lege sistemekin herri honen kaiola» eraikitzeko hartutako bideak eta Euskal Herriaren independentzia nahi duten herritarren nahien arteko talkaren ondorio da.
«Kondenatuak»
Azken hogeita hamar urteak «talka» horren lekuko izan direla gaineratu zuten; testigantza hori espetxeak, erbesteak edota torturak eskaini dutela azaldu zuten, «izan ere, errepresioaren hatzaparretan bizitzera kondenatu baikaituzte, gure herria aske izatea nahi dugulako».
Estatuek «ezarritako kaiolak ukatzen dituen eskubide demokratikoak aitortzeko aukera mahai gainean» jarri duen prozesu politikoaren garapena ere gogora ekarri zuten prentsaurrekoan. Kritika gisa, ondoko galdera egin zuten: «Eta zer egin dute PSOEk eta EAJk? Euskal gazteria berriro gatazkara kondenatu».
«Garbi ikusten dugu PSOEk eta EAJk hartu duten erabakia. Kaiola berritu nahi dute; Espainiako Konstituzioaren baitako akordio berria nahi dute, baina beren negoziazioetan oztopo nagusi bat dute: independentziaren alde egiten duen sektore ezkertiarra eta borrokalaria».
Gazteriaren konpromisoa
Sektore horren baitako gazteriak «herri hau askatasunera eramateko» konpromiso sendoa duela berretsi zuten, eta hautu hori zapuztuko duen errepresiorik ez dagoela gaineratu zuten, «herriz herri, milaka garelako independentziaren proiektu politikoaren baitan borrokan eta lanean ari garenok».
Beraz, errepresioaren bidetik independentziaren proiektua ahultzeko saiakera oro «antzua» izango dela nabarmendu zuten, eta dei egin zieten independentziaren aldeko herritar guztiei «kolpatzen gaituenari hortzak erakusteko garaia delako». Hala, azken sarekada salatzeko manifestaziorako deia egin zuten.
Hain justu, asteazken goizaldean lau donostiar gazte hartu zituen gatibu Polizia espainolak Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak aginduta. Atxilotuek -20 bat miaketa ere egin zituzten poliziaki- deek Gipuzkoako hiriburuko hainbat auzotan- inkomunikaturik jarraitzen zuten atzo.
Aralarrek kezka agertu zuen jaso dezaketen tratua dela-eta, eta «inkomunikazioa ahalbidetzen duten salbuespen legeak bertan behera uzteko» eskatu.
Donostian izandako azken atxiloketak salatzeko asmoz, independentzia aldarrikatuko duen manifestazioa abiatuko da bihar, 17.00etan, Artzain Onetik. Atzo 600 lagunek salatu zituzten atxiloketok