Akaba Bera Bera
Errekopan aurrera egin eta bolada ona hastea da xedea
Errenterian gaur eta Bidebietan igandean jokatuko du Reyes Karrereren taldeak Suitzako St. Otmar taldearen aurka final hamaseirenetako kanporaketa
GARA | DONOSTIA
Asteazkenean ABF Superligan Leongo taldeari nagusitasunez, 35-24, irabazi ostean, Akaba Bera Berak bolada ona hartu eta Errekopan final zortzirenetarako pausoa ematea du xede. Hala, Reyes Karrerek entrenaturiko taldeak Suitzako St. Otmar St Gaillen taldearen aurka jokatuko du asteburu honetan final hamaseirenetako kanporaketa.
Talde biek lorturiko akordioaren ostean, Gipuzkoan jokatuko dira bi neurketak. Errenteriako kiroldegian jokatuko da gaur kanporaketaren joaneko partida 19.30etik aurrera. Itzulerakoa, igandean 12.00etan izango da, Bidebietako kiroldegian.
Errenterian jokatuko den aurreneko partidaren inguruan, esan behar da talde donostiarrak eta Ereintzak lortutako adostasunari dagokiola. Izan ere, Akaba Bera Beraren eta Ereintzaren helburua emakumezkoen eskubaloia sustatzea da, herri honek historikoki eskubaloiarekiko zaletasun handia izan baitu.
Betidanik, goi mailako jokalariak eta entrenatzaileak eman ditu. Besteak beste, Altube, Uria, Villarreal, Belaustegi, Arzelus, Calleja, Karrere ahizpak, Ugartemendia eta Ramirez.
Esperientzia ere beren alde
Aipagarria da duela 11 urte, 1996/97 denboraldian, Bidebietako taldeak -artean Corteblanco Bidebieta zuen izena- St. Otmar St Gaillen taldea menpean hartu zuela. Europako Errekopako final zortzirenak jokatu zituen orduan, eta lehenengo aldiz lortu zuen final laurdenetarako sailkatzea, Suitzako taldea 17-23 eta 22-16 emaitzekin kanporatu ondoren.
Ondorioz, Bidebietako taldeak, bere entrenatzaile Reyes Karrereren aburuz, bere burua faborito ikusten du talde suitzarraren aurka.
«Gauzak horrela izaten dira. Batzuetan faborito izatearen presioa daukazu eta beste batzuetan zure aurkariak. Oraingoan geu gara faboritoak, eta nik neuk jokatzen nuen garaian irabazi genien moduan, oraingoan ere irabaziko diegula uste dut», esan zion egunkari honi.
Horretaz gain, asteazkenean Bidebietan erakutsitako jokoa errepikatzeko itxaropena ere erakutsi zuen Karrerek, nahiz eta Esme Lopez, Tervel eta Altunaren falta nozitu.
«Kontua ez da besterik abuztutik ekainera arte lan egitea baino. Nik ezin dut begiratu nor falta den, jokatzeko moduan nor dagoen baizik. Leonen aurka bigarren zatian `pistako erreginak' izan ginen eta horixe bera lortzen saiatu behar dugu. Talde luzea daukagu gainera, dauden jokalariak onak direlako».
«Bolada ona hartu eta joko ona egitea da helburua, gauzak ongi egitea errazagoa baita txukun jokatuz gero», esan zuen Akaba Bera Berako entrenatzaileak.