Xabier Izaga Irakaslea
Hizkuntzalaritza modernoa
Nic eztaquit erdaldunen barriric, baña bai zapatiaren icena euscalerrijetacua dala». Eta nik, Peru Abarkak ez bezala erdaldunen berri jakinda ere, uste osoa nuen independentzia hitza euskarazkoa zela. Areago, gaztelaniazko independencia euskararen mailegua zela ere uste nuen. Baina ez, herenegun jakin nuen hitz ingelesa dela, argi baitago independence hitzean duela jatorria. Era berean, jakinaren gainean nago autodeterminazio ere ez dela euskal hitza, aspaldian Extremadurako egunkari batean irakurrita, eta zutabe haren kutsu gutxiesgarritik ondorioztatu nuen gaztelaniazko hitza dela. Baina urte hautetako ikerketek jakinarazi didate, halaber, telefono hitza ere ez dela euskarazkoa, errusierazkoa baizik.
Garai bateko edozein hizkuntzalaritza libururen lehenengo ikasgaiak hizkuntzen gaineko aurreiritzien kontua azaltzen zuen. Hizkuntza primitiboak eta modernoak, onak eta txarrak eta gisako sailkapenak funtsik gabeak direla esaten zuten autoreek. Baina zientzia ere modernizatu egin da eta begien bistan dauden nabarmenkeriak ezin ezkutatu ditu. Esate baterako, mundu erdiak jakin berri duenez, euskarak milioi bat hiztun baino ez du eta gaztelaniak, berriz, 450. Zalantzarik gabe, askoz hobea da gaztelania, 450 aldiz, hain zuzen. Eta ingelesa...
Denak du bere azalpena, gainera. Gaztelania eta ingelesak orain dela bost mende ez zuten horrenbeste hiztun, ezta hurrik eman ere, baina haien kalitate handiaren erakusgarri, mundu erdiko jendeak haietara jo zuen, bere hizkutz eskasak bazter utzita. Euskara, ordea, inposatu egiten digute, eta beharbada horrexegatik gara hain euskal hiztun gutxi. Hortaz, bidea ezin argiago ageri da: zenbat eta ingelesetik eta gaztelaniatik hitz eta egitura gehiago hartu, orduan eta hizkuntza hobea izango dugu. Osterantzean, euskaldunok, maitasunetik barik gorrototik sortuak, artzain joan beharko dugu, noiz eta mingain urdinaren gaitzak eraso betean diharduenean.
Nolanahi ere, munduak badaki: poesia etorkizunez kargatutako arma den moduan, euskara igurzkariz, afrikariz... eta batez ere leherkariz kargatutako hizkuntza da.