Lau eta Erdiko Txapelketa
Abel Barriolak iaz irekitako bide onari segitu nahi dio Aimar Olaizolaren aurka
Lau eta Erdian elkarren aurka jokatu duten zazpi aldietatik seitan goizuetarra nagusitu da, baina leitzarraren garaipen bakarra iazko ligaxkan iritsi zen
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Aimar Olaizola eta Abel Barriola izango dira, seguru asko, azken bospasei urteetan Lau eta Erdian elkarren aurka partida gehien jokatu dituzten bi pilotariak. Zehatz esateko, zazpi neurketa izan dira, eta horietatik seitan aurrelari goizuetarra irten da garaile. Iazko finalerdietako ligaxkan, ordea, Barriolak mendean hartu zuen Olaizola eta finaletik at utzi zuen. Aurten ere, irabazten duenak ia ziurtatuta izango du final nagusirako lehen txartela.
«Ez dut ukatu behar. Lau eta Erdian jokatu dugun ia guztietan berak irabazi du. Baina nire lana egunero entrenatu eta egoera horri buelta ematen saiatzea da. Aurreko astean oso ongi ikusi nuen Aimar. Bere lana txukun egin zuen eta Irujok egindako akatsak bikain aprobetxatu zituen», onartu zuen Abel Barriolak prentsa aretoan, Aimar bera ere alboan eserita zuela.
Goizuetarra pozik azaldu zen aurreko larunbatean egindako partidarekin eta iaz baino «txispa gehiagorekin» dagoela aipatu zuen. Edonola ere, eta ohikoa den moduan, bere burua ondo babestu zuen: «Iaz ere finalerdietako ligaxkan sartu nintzen eta azken partidara arte finalean egoteko aukerak izan nituen. Beraz, hain gaizki ere ez nintzen egongo. Aurten ligaxkako aurreneko partida irabazi egin dut, iaz galdu, eta horrek beste ziurtasun bat ere ematen dizu. Txapelketa bukatutakoan esan beharko da iaz baino hobeto ibili naizen ala ez».
Elkarren berri hain ongi jakiteak garrantzia kendu die neurketa aurreko prestaketei. Horren haritik, Abelek partida luzea espero duela aipatu zuen. «Estatistikei begiratuz gero konturatzen zara Aimarren partida guztiak, nahiz eta aurkaria 10ean edo 11n utzi, 300 pilotakada ingurukoak izaten direla. Horrek esan nahi du irabazi edo galdu, sekulako lana egin beharko dudala igandean. Desgaste handiko partidak izaten dira Aimarren aurkakoak», aurreratzen zuen.
Pilotak... eta lurra
Materialari dagokionez, ez zen berritasun handirik izan Atano III.enean. Aimarrek bi pilota oso antzeko hautatu zituen, 105,6 eta 105,7 gramokoak; Abelek, aldiz, pilota «oso arin» bat, 103,3 gramokoa, eta «mugitzeko zailagoa den» beste bat, 106,1 gramokoa, aukeratu zituen. Pozik agertu ziren materialarekin eta horri ere garrantzi gehiegirik ez zioten eman. «Garrantzitsuena eskuan ongi sartzea da. Aurreko igandean, nik Titinen pilotekin jokatzen amaitu nuen eta berak nireak atera zituen», gogorarazi zuen Barriolak.
Materialak berak baino gehiago, Atanoko zoruak eta igandean egongo den beroak kezkatzen ditu pilotariak. Atzo frontoia hotz samar zegoela kontuan hartuta, igandean baldintzak nahiko ezberdinak izan daitezke. «Atanoko lurra azkarra da eta pilotaren joera aldatu egin daiteke. Normalean baino irristakorrago egon daiteke lurra. Eta igandean frontoia erabat betetzen bada, eta bero handiarekin jokatzen badugu, argi eduki piloten joera asko alda daitekeela», ohartarazi zuen Barriolak nahiko kezkatuta.
Fisikoki, berriz, bi pilotariak arazorik gabe iritsi dira bigarren jardunaldira. Barriolak sakearekin ez zuen beste batzuetan bezainbesteko minik egin Titinen kontrako partidan, baina atzo argitu zuenez, ez du abduktorean izandako lesioarekin inolako zerikusirik. «Aurreko astean arazoren bat izan nuen, lehenago ere egun batzuetan egon nintzen geldi, baina orain ez daukat arazorik. Gainera, partidan daukazun tentsioarekin ez duzu horretan pentsatu ere egiten», zehaztu zuen.
Azkenik, finalean igandeko partida errepikatuko ote den galdetuta, biek «segituan sinatuko» luketela onartu zuten. Lehen neurketa irabazi izanak «malgutasuna» ematen diela, galduz gero oraindik aukerak izango baitituzte.