«Fikzioaren eta errealitatearen arteko oso zubi gardena» da Lutxo Egiak aurkeztutako eleberria
«Zubigilea» izenburuarekin plazaratu du Lutxo Egiak bere hirugarren eleberria. «Gaurko, baina ia-ia etorkizuneko istorio bat kontatzera dator; aldi berean iraganekoa ere bada», aipatu zuen Susako Gorka Arresek.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Joseba Jaka V. Literatur Bekako saridun izateari esker kaleratu du Lutxo Egiak (Santander, 1969) bere hirugarren eleberria. Izenburuan antzeman daitekeenez, zubigileak dira liburuaren protagonistak, eta idazleak Deustuko Zorrotzaurre auzunera begira jarriko du irakurlea.
Hain zuzen, urte gutxi barru zeharo berrituko dute Zorrotzaurre auzunea, operazio urbanistiko erraldoia eginda. Susako editore Gorka Arresek atzoko aurkezpenean aipatu zuenez, «Manhattan txikia deitzen diote dagoeneko, mende honetako Bilboren ikurra eta motorra izango omen den Zorrotzaurreri. Hara begira daude udala, banketxeak eta eraikuntza enpresak».
Proiektu orokorra traza dezan munduko arkitekto goraipatuenetako bati eskatu diotenez, Enzo Padovanorekin zubi bat eraiki arte ez du onik izango Andres Peruarenak, bere bizitzako lanik behinena delakoan. Lutxo Egiaren eleberriko protagonista nagusia da, hain zuzen, Peruarena.
Nolanahi ere, «Zubigilea» liburuan bi istorio eta bi denbora daude. Bata hirigintzari dagokio, eta bestea, 1964an Bartzelonan gertatutakoa da; azken honek hiru gazte ditu protagonista. Futboleko Eurokopa finalerdietako lehen partida izan zen 64ko ekainean eta hirukotea bertara joango da ekintza «edo sabotaje» bat egiteko asmotan.
Narrazioa ez da, beraz, lineala, eta hirugarren pertsonan idatzita dago. «Ez da liburu arrunt bat. Irakurleek inteligentziaz jokatu beharko dute eleberriaren ondorioak ateratzeko», azaldu zuen atzo Edorta Jimenez idazleak. Izan ere, iragana eta oraina lotzen dituen zubi sinbolikoa baitago eleberrian, eta finean liburuan dena da zubi: «Bai pertsonaien artean, bai eta errealitatearen eta fikzioaren artean ere».
Sutila eta sinbolismoz betea
Edorta Jimenezek «estimagarritzat» jo du Egiaren ekarpen literarioa: «Liburua dotorea da, dotore idatzita dagoelako, estiloa ere badago eta, gainera, oso sutila da; irakurleari uzten zaio istorio guztiak bere baitan lotzearen ardura». Hain zuzen ere, eta irakurleak maiz fikzioa eta erralitatea bereizteko zailtasunak izango dituen arren, idazleak mahaigaineratutako bi istorio nagusiek bat egiten dute gero bukaeran. Bien bitartean, baina, hainbat esanahi sinbolikok dute tartea eleberrian -futbolarekikoa, esaterako-, eta agertzen diren harremanak triangularrak direla ere aipatu zuen idazleak.
Jimenezek ekarpen literarioari buruz hitza hartu bezain pronto laburbildu zuenez, «hona hemen Bilbo, gaur-gaurko Bilbo, eta hona hemen euskal gizarteak dituen arazoetako bat ere, Bilboren birmoldaketa, milioiak, jendea eta enpresak mugiarazten ari dena».
Gorka Arrese editoreak, dena den, hau ez dela nobela urbanistiko bat aipatu zuen, «giza kondizioari buruzko gogoeta bat baitago bertan nire ustez». Eta horren arira, Lutxo Egiak berak ere aitortu zuen ez dakiela «ezer» arkitekturaz. «Hemen ez da arkitekturaren gaineko trataturik aurkituko, arkitekturaren soziologia txiki bat Bilbori aplikatzen saiatu naiz ni».
Zubiak berezkoak dituen irudi edota esanahietatik harago -«elkarrengana hurbiltzeko, ihes egiteko, espekulazio hutsaren aldetik...»-, idazleak eleberri honetan zubia ulertzeko beste modu bat mahaigaineratu nahi izan duela esan zuen. Hori dela-eta, sinbolismo anitzekin, eta egun pil-pilean dagoen hirigintza arloari ere keinu eginez, labetik atera berria den lana «eleberri politikoa» izan daitekee- lakoan ere badago autorea.