EUROPEAN CHALLENGE Fitxatzea
Avironek aldaketa askorekin ekingo dio Europako bideari
Padova talde italiarra izango da gaur bisitari Baionako Jean Dauguer zelaian 19.30etatik aurrera; sarrerak 5 eurotan egongo dira salgai
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek gaur ekingo dio bere Europako ibilbideari, European Challenge txapelketa jokatuz. Lapurtarrak azkeneko urte hauetan ari dira lehiaketa hau jokatzen; orain dela bi urte izan zuten emaitzarik onena, finalerdiak jokatzera heldu baitziren.
Gaur, 19.30etatik aitzinera, Padova talde italiarra hartuko dute Jean Dauguer zelaian. Hasiera batean ez dirudi lapurtarrek aparteko arazorik izan beharko luketenik, baina partida jokatu egin behar da. Lau taldez osatutako multzoak dira, eta bakoitzeko onenekin batera, bigarren geratzen diren bi onenak ere final-laurdenetara sailkatzeko moduan izango dira.
Padova talde garrantzitsua da Italian, baina egun Italiako eta Estatu frantseseko ligen artean alde dezentea dago, eta gaurko partidan alde hori nabaritu egin beharko litzateke.
Sarrera merkeak
Partida honek, ordea, ez du aparteko ikusminik sortu, eta ez da jende gehiegi espero Jean Dauguer zelaian. Europako Federazioak zerbait konpondu beharra dauka. Heineken Kopak indar handia duen bitartean, European Challengeak, berriz, ez du aparteko interesik pizten, ez zaleen artean, ezta taldeen artean ere, ez behintzat Ligarik onenetako taldeen artean. Azken batean, partida hauek normalean jokatzen ez duten jokalariei aukera emateko erabiltzen dira. Lehiaketa honek aurrera jarraitu behar baldin badu, antolatzaileek aldaketak egitera behartuta daude, bestela berehala izango baita soberan. Sarrerak 5 eurotan egongo dira salgai; horrekin zaleei zelaira jokateko deia egiten zaie, baina, hala ere, harmailek ez dute betekada handirik izango.
Avironen ohizkoak diren jokalari gutxi batzuk besterik ez dira arituko gaurko partidan. Izan ere, lehenengo bi partidetan gutxien jokatu duten jokalariak izango dira hasierako hamabostekoan.
Lapurtarrak Liga hasiera ezin hobea izan dute, eta lehenengo bi partidak irabazi ostean, sailkapeneko lehen postuan jarri dira. Bide horretatik jarraitzeko, ez dute arriskurik nahi, eta lehen bi jardunaldietan emaitza onak eskuratu dituzten jokalari gehienek atseden izango dute gaurkoan.
Honako jokalari hauek arituko dira: Usandizaga, Hegi, Kopellini, Sfringgay, Bergez, Barnard, Massabeau, Deen, Fiorini, Lopresti, Hoare, Marmauyet, Payes, Iñigo, Vermis, Gowe, Lhande, Larretxea, Salie Cannes, Tilloles, Gerber, eta Martay.