Idi-probak
Lasaren uztarria nagusitu da Gernikako probetan
J.L.| DONOSTIA
Lasaren uztarriak eraman ditu amaitu berri diren Gernikako probak. Irabazleek 66 untze egin zituzten, eta Urrutia eta Lopategi izan ziren itzain. Atzetik, Erresitaren idiak sailkatu ziren, 64 untze eta 6,56 metro eginda. Hirugarren, berriz, Illarretaren idi parea sailkatu zen 62 untzerekin.
Hemendik aurrera, ordea, idi-probak jokatuko diren edo ez zalantzan dago. Gipuzkoan, segurua da ez direla jokatuko. Bizkaian, aldiz, Foruan jokatzeko probak iragarrita daude asteburu honetarako.
Mingain urduinaren gaitza dela-eta, Gipuzkoan ezin da ganadurik atera. Horrenbestez, asteburu honetan Aian jokatu behar ziren probak bertan behera geratu dira.
Bizkaian, ordea, oraindik ez dago erabakita, eta Foruan iragarrita daude bai biharko bai etzirako -18.00etan hasiko dira-. Sei uztarrirekin ziren jokatzekoak, baina bi gipuzkoarrak direnez, ez dute parte hartzerik izango. Ondorioz, ez dago batere garbi zer gertatuko den.