Sokatira
Aizarnazabalen eta Arbizun abiatuko da denboraldia
J.L. | DONOSTIA
Sokatira Txapelketa hastera doa. Izan ere, bihar bertan jarriko da abian bai Launako Euskal Herriko Txapelketa bai Nafarroako Seinako Txapelketa. Bietan, ordea, taldeen falta nabaria da, ez baita berririk ikusten, eta hutsuneak, berriz, badira.
Launako Euskal Herriko Txapelketa bihar hasiko da Aizarnazabalen 17.00etatik aurrera. Lehen saioan 330 kiloko ekinaldiak izango dira. Bi multzotan arituko dira. Bi jardunalditako ligaxkak jokatuko dira, eta bakoitzeko hiru onenak finalera sailkatuko dira.
290 kilokoak ere izango dira, baina horiek ez dira bihar hasiko. Izan ere, 330 kilokoek beren txapela erabakitakoan hasiko dira lanean pisu txikikoak. Hor, multzo bakarra izango da, eta hiru jardunalditako ligaxka jokatuko da: txapelduna puntu gehien batzen dituen taldea izango da.
Emakumezkoen txapelketararik, ordea, ez da jokatuko. Lehiaketa jokatzeko adina talde bazeuden, baina, iaz gertatu zen moduan, arautegiaren aldaketa eskatu zuten gehienek. Aldaketa onartu ez dutenez, talde bakarra geratu da jokatzeko prest. Horrenbestez, iaz gertatu bezalaxe, ez da txapelketarik izango.
Beraz, bihar 330 kilotakoekin abiatuko da txapelketa. Lehen multzoan, Abadiño A, Sokarri A, 6 Conceyos eta Auzolan izango dira.
Beste multzoan, berriz, Abadiño B, Abadiño C, Sokarri B, Kuartango eta Gaztedi A izango dira. Abadiño izango da pisu honetan, eta baita bestean ere, faborito nagusia. Gomaren gainean erabateko nagusitasuna erakutsi zuen, eta aurten ere zaila izango dute gainerakoek beraiei aurre egitea.
Nafarroako Txapelketa
Nafarroako Sokatira Txapelketa ere bihar hasiko da. Arbizuk hartuko du estraineko jardunaldia 17.00etatik aurrera. Bi pisu bakarrik jokatuko dira; bat mutilentzat izango da, eta bestea, berriz, neskentzat. Sei lagunez osatutako taldeak izango dira, gainera. Hiru jardunalditara izango da txapelketa eta punturik gehien batzen dituena izango da irabazlea.
Amaiur A, Amaiur B eta Txantrea arituko dira 465 kilotan; mutiletan, alegia. Pisu horretan nabarmena da Beti Gazteren hutsunea. Lesakakoak ez dira arituko eta beraien falta oso nabarmena izango da, herrialde horretako talderik onena izan baita luzaroan Aresorekin. Azken horiek lur gainera pasa zirenean, bakarrik geratu ziren, ia aurkaririk gabe, baina aurten ez dira lehian arituko.
Nesketan, talde gehiago izango dira. Mutiletan Beti Gaztek ez du talderik aurkezten; nesketan, berriz, bi izango dira parte-hartzaileak, eta hori berri ona da. Lesakakoekin batera, Txantrea eta Sakana izango dira 390 kilotan neurtuko diren taldeak. Bi txapelketa hauek amaitzen direnean, Zortzinako Euskal Herriko Txapelketa hasteko prest izango da.