Film laburrak ikusteko aukera Pasaian
Ikuska zinema jaialdia
Bihartik hasita eta hilaren 17ra bitartean Trintxerpera hurbiltzen direnek Ikuska film laburren jaialdian parte hartuko duten lanak ikusteko aukera izanen dute. Aurten bederatzigarren edizioa izanen da.
Itziar PEREZ | IRUÑEA
Bederatzi urte igaro dira Trintxer Kulturala elkarteak Ikuska film laburren jaialdiaren lehenengo edizioa antolatu zuenetik. Urteek aurrera egin ahala, gero eta parte hartzaile gehiagok ematen du izena.
Aurtengo edizioa bihar arratsaldeko zortzietan hasiko da Trintxerpeko Alkateordetza aretoan. Emakumea eta bere inguruari buruzko emanaldia izanen da, eta gai honi buruzko hainbat film labur eskainiko dituzte. Pedro Etxanizek, Ikuskako zuzendariak, azaldu bezala, «aurtengo berrikuntzen artean, biharko emanaldiaren bukaeran Bekoz-Beko bortizkeriaren kontrako elkarteak zuzendari onenari, Koldo Merino eskultoreak egindako artelana, emango diote».
Lehiaketan parte hartuko duten film laburrak datorren asteazkenetik larunbatera bitartean ikusgai egongo dira. Etxanizen hitzetan, «urtero gero eta lan gehiago jasotzen ditugu. Aurten 318 lan eskuratu ditugu, eta zaila izan da aukeraketa egitea». Epaimahaiari dagokionez, Xabier Portugalek, Domingo Fernandezek eta Ritxi Lizartzak osatuko dute. Horrez gainera, bertaratzen diren guztiek ikusleen saria erabakitzen lagundu ahal izango dute.
Ikuskak azken urte hauetan lortu duen izen onari esker, zuzendari asko bertaratzea lortzen du, hala nola, Rogelio Sastre edota Aranzazu Gomez zuzendariak.
Jaialdi honen eragina ere Trintxerpe osoan zabaldu nahi izan dute, eta horregatik, Etxanizek azaldu bezala, «dendariek herriko dendetako erakusleihoak Ikuska eta film laburren kutsuaz girotu ditzaten ahalegindu dira».
Astebete iraungo duen film laburren jaialdi honetan umoreak, gizarte gaiek, beldurrezko filmek edota bitxikeriek ere izango dute tokia. Sarrera guztiak doan izango dira eta sail ofizialeko emanaldi gehienak arratsaldeko zortzietan izango dira Trintxerpeko Alkateordetza aretoan.